Debako udalbatzak ere Euskaraldiarekin bat egin du

Berriketan 2022ko aza. 2a, 12:57

Euskaraldia babesteaz gain, erakunde adierazpena onartu eta aldekotasuna adierazteko talde argazkia ere atera dute udalbatzako kideek.


Azaroaren 18tik abenduaren 2ra Hitzez ekiteko garaia lelopean Euskal Herri osoan egingo den hirugarren Euskaraldia bultzatu du ofizialki Debako udalbatzak. Ariketa soziala ate joka dagoela eta, tokiko erakundeak urriaren 27an egindako ohiko osoko bilkuran aho batez onartutako adierazpena plazaratu du. Konpromiso hori berresteko, gainera, aldekotasuna adierazten duen talde argazkia ere atera dute udalbatzako kideek.

Adierazpenean jasotakoaren arabera, “erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa” hartu du udalbatzak, eta ekimenaren sustatzailea izango da Debako Euskaraldia taldearekin batera. “Debako Udalak Euskaraldian izena emango du entitate gisa, udalbatza bera arigune modura identifikatuz, eta horretarako beharrezko ariguneak identifikatuz eta bultzatuz”.

Tokiko erakundearen ordezkariek, gainera, udalkideei, herritarrei eta herriko eragileei prestaketa lanetan parte hartzeko deia egin diete; ahobizi edo belarriprest modura izena eman eta ariguneetan parte hartzeko deia egin diete baita ere. “Ordezkari politikoen egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren esparruaren baitan, eta, bereziki, udalean eta udalaren ardurapeko entitateetan, ekimena zabaltzea. Horrenbestez, ekimen honetan ahalik eta arigune gehien, eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango dituzte”.

Euskaraldian orain arte izena eman dutenei buruzko datuak ere eman dituzte. “1.000 herritar inguru izan dira ahobizi edo belarriprest gisa parte hartuko dutenak, eta 70 entitate baino gehiagotan eratu dira ariguneak“.