40 urte ditu Goiatz Leibar Intxaustik eta, Deban bizi den arren, Elgoibarren sortu zen. Iazko abenduan abiadura lasterketak egiteko bizikleta erosi zuen, eta ordutik zenbait erlojupeko lasterketatan parte hartu du, baita emaitza bikainak lortu ere.
Uztailean Coimbran (Portugal) jokatu zen lasterketa lehen bosten artean amaitu zenuen, eta zure kategorian lehen postuan amaitu zenuen. Espero zenuen halako emaitza lortzea?
Erlojupeko probetan lehiatu naizen estreinako urtea izan da aurtengoa. Abenduan erosi nuen bizikleta, eta Coimbrakoaren aurretik lasterketa bakarrean parte hartu ahal izan nuen. Aragoiko lasterketa diziplina horretan parte hartzen nuen lehen proba bazen ere, irabazi egin nuen. Bertan eman ziguten Coimbrako lasterketaren berri, eta hala animatu nintzen.
Nola gogoratzen duzu Coimbrako proba?
Teorian, zailtasun gutxiko 20 kilometroko ibilbide laua zen. Nire kasuan, zegoen bero handia izan zen txarrena, baina emaitzarekin gustura geratu nintzen. Nire kategorian, 40-44 urte bitartekoen kategorian, podiumeko goreneko kutxara igotzea itzela izan zen.
“Sailkapen txartela norberak lortuta munduko txapelketa batean parte hartzeko aukera edukitzea sekulako esperientzia eta izugarria izan da”
Coimbrako lasterketan lortutako emaitza bikainari esker, Munduko Txapelketan aritzeko txartela lortu zenuen. Maila horretako txapelketa batean inoiz lehiatzea espero zenuen?
Noski ezetz! Txirrindularitza zaletasun bat besterik ez da niretzako. Egia da azken hiru urteotan entrenatzailea daukadala, baina helburua da denbora librea ahalik eta hobekien baliatzea, eta gustura nago erabakiarekin.
Arlo pertsonalean, nolakoa izan da halako proba batean parte hartzea?
Egia esan, erlojupeko probak ez dira errepideko probak bezain erakargarriak: bizikleta berezia behar da eta probak, gainera, motzak eta leherkorrak dira. Sailkapen txartela norberak lortuta munduko txapelketa batean parte hartzeko aukera edukitzea, gainera, sekulako esperientzia eta izugarria izan da.
Mundu mailako onenak batu zineten proban, nola gogoratzen duzu?
Sekulako maila egon zen. Nire kategorian 46 parte hartzaile izan ginen, eta 29. amaitu nuen. Bi aste lehenago A gripearekin gaixotu nintzen, eta horrek nire errendimenduan eragina eduki zuen; arantza hori daukat, bestela emaitza hobea lor nezakeelakoan nago.
“Hau guztia jende askori esker izan da posible, eta horiei eskerrak eman nahi nizkieke”
Azken urtean gauza handiak lortu dituzu. Zein da sekretua?
Sekretuetako bat familiaren babesa izan da; beti daude nire ondoan. Abentura hauek guztiak onartu eta horiek nik bizi ditudan pasio berarekin bizi dituzten bizilagunak edukitzeaz zorteko naiz. Entrenatzeko orduan ere oso zorrotza naiz; beraz, horrek ere lagunduko zuela uste dut.
Lorpen bikainak izan dituzu, baina ametsa egia bihurtzeko bide horretan hainbat zailtasun ere izan dituzu, ezta?
Munduko Txapelketa hau afizionatu edo master mailakoentzat egindakoa denez, Espainiako Federazioak ez du esku hartzen. Hau guztia jende askori esker izan da posible, eta horiei eskerrak eman nahi nizkieke. Eneko Ugalderen bitartez Amaikak Baten laguntza jaso dut eta materiala laga edo babestu nauen beste jende askoren laguntza ere eduki dut; laguntza hori guztia nik eskatu gabekoa izan da, eta asko eskertzen da. Oro har, lagun asko eta asko interesatu dira nire abenturez eta, noski, familiari ere eskerrak eman nahi nizkioke.
Munduko Txapelketan aritu ostean, ba al daukazu beste txapelketa edo lasterketa entzutetsuren bat begiz jota?
Munduko Txapelketara bueltatzea gustatuko litzaidake, batez ere proba irabazi zuen frantsesari gerra pixka bat gehiago emateko. Urte osoa falta da horretarako; beraz, ikusiko dugu.