2022ko TAO denboraldiari buruzko balantzea egin ostean, ordenantza berria onartu du Debako udalbatzak; hiru alderdiek aho batez adostu zuten ordenantza, urriaren 27an egindako osoko bilkuran. Aginduan jasotako aldaketarik nagusiena Artzabalgo aparkalekuari dagokiona izango dela nabarmendu dute. Zehazki, erabiltzaile guztiek urte osoan doan eta denbora mugarik aparkatu ahal izango dute. “Modu honetan, orain arte egon ez den zerbitzu bat bermatuko da”.
Hori bai, eremu horretan ibilgailu handientzat lehendik zeuden mugak mantendu egingo direla esan dute. “Autokarabanentzat gehienezko 72 orduko egonaldia mantendu egin da, baita karabanak aparkatzearen debekua ere”.
Ordenantzaren beste aldaketetako bat da bertakoen TAO txartela eskuratu nahi duten herritarrek ordaindu egin beharko dutela. “Legeak behartuta, bertakoen txartela eskuratu nahi duten herritarrek 5 euroko tasa ordaindu beharko dute 2023ko denboraldirako”. Udal iturriek jakitera eman dutenez, informazio hori guztia zehatz azaltzen duen gutun bat helaraziko diete udalerriko ibilgailu jabeei hilabete honetan.
Ordenantzan bestelako aldaketa nabarmenik ez dela egin azpimarratu dute udal iturriek. Azaldu dutenez, zenbait puntutan “zehaztasun gehiago” aplikatu da.