Errigorako kideek gogorarazi dute azaroaren 10a, bihar, dela saskiak erosteko azken eguna eta kanpainarekin bat egin eta produktuak erosteko deia egin diete herritarrei. Nabarmendu dutenez, “2013tik 1.635.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausoak emateko baliatu dugu”.
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes duen ekimen herritar honek bi kanpaina nagusi izan ohi ditu urtero. Udaberrian, Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura lelopean, bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba sortak banatzen dira. Udazkenean, berriz, Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dira, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren % 25).
Nafarroako produktu desberdinez osatutako hiru saskiren artean aukeratu daiteke oraingoan ere: beltza, berdea eta zuria. Otarre bakoitzaren xehetasunak www.errigora.eus atarian ikus daitezke.
Deban, Zuhatza Euskara Elkarteak sustatzen du Errigora ekimena. Hori dela eta, aurten ere elkarteko bazkideek orain eskatzen dituzten produktuak Deban jasotzeko aukera izango dute, azaroaren 23an Ifar Kaleako bulegoan. Urriaren 27an Errigorako produktuen dastaketa egin zen, beste behin ere, Kultur Elkartean; hamarnaka lagunek parte hartu zuten hitzorduan.