Azaroaren 4, 5 eta 6an Bilboko Bilbao Arenan jokatu zen txapelketan banaka parte hartu zuten Mutrikuko Crossfit Lumako hiru atleta debarrek, eta erakutsi zuten maila onari esker, guztiek final handian sartzea lortu zuten. Txapelketari buruzko balorazio ona egin dute, eta “pozik” geratu dira lortutako emaitzekin. Azpimarratu dutenez, “maila handiko txapelketa” izan zen. “Espero genuena baino maila handiagoa egon da”.
Emaitzei dagokienez, Ane Falaganek eskuratu zuen emaitzarik azpimarragarriena. Emakumezkoen eskalada kategorian lehiatu zen, eta 526 puntu eskuratuta, bigarren postua erdietsi zuen; irabazleak baino 12 puntu gutxiago eskuratu zituen eta hurrengo sailkatuak baino 40 gehiago. “Aurkarien maila ikusita, hirugarren postua lortzea espero zuen, baina bigarren postua lortu zuela jakin zuenean, sekulako ezustekoa hartu zuen”, azaldu du bere nebak.
Iñigo Falaganek eta Aitor Ibarluzeak ere txapelketa ona egin zuten, baina ez zuten podiumean sartzea lortu. Iñigo Falagan, esaterako, podiumean sartzeko zorian egon zen. Gizonezkoen RX kategorian lehiatu zen, eta 493 puntu eskuratuta, laugarren postua erdietsi zuen. “Lehen bi probak zelan egin nituen ikusita, ez nuen finalera heltzea espero, baina gero gauza hobetzen joan zen. Azken egunean, podiumera igotzeko aukerekin ere ikusi nuen neure burua”.
Lehen hiru sailkatuengandik oso puntu gutxira amaitu zuen lehia, eta hasiera batean “pena” sentitu bazuen ere, “pozik” amaitu duela gaineratu du; hirugarren sailkatuak baino 8 puntu gutxiago eskuratu zituen, eta lehen bi sailkatuek baino 13 gutxiago. “Podiuma lortu zuten aurkariengandik oso puntu gutxira amaitu nuen. Hainbeste ahalegin egin ondoren, momentuan pena sentitu nuen, baina orain pozik nago lortutako emaitzarekin. Laugarren postua, egia esan, oso emaitza ona da”.
Aitor Ibarluzearentzat txapelketa ofizial batean parte hartu duen lehen aldia izan da. Gizonezkoen eskalada kategorian lehiatu zen, eta 419 puntu eskuratuta, bosgarren postua erdietsi zuen; laugarren sailkatuak baino 4 puntu gutxiago eskuratu zituen. “Egia esan, ez zuen hainbesteko emaitza onik espero. Emaitzarekin oso pozik geratu da”.
Antolatzaileek proposatu zituzten mugimendu eta ariketa gimnastikoei dagokienez, “zerbait desberdina” izan zela esan dute; zehazki bost WOD edo ariketa sorta osatu eta horietan dituzten gaitasunak erakutsi behar izan zituzten. “Denetarik egin genuen. Lehenengo egunean, besteak beste, sentadillak egin eta soka igo behar izan genituen. Bigarren egunean, berriz, baloiarekin ariketak, gurpil batzuekin korrika, devil press deritzon ariketak eta kayarekin kilometro bateko lasterketa bat ere egin genituen. Final handian proba gogorragoak egin behar izan genituen”.
Estreinako antolatu duten Basque Crossfit Txapelketa, oso har, oso jendetsua izan da. Euskal Herriko eta Espainia mailako atleta eta talderik onenak hartu zituen, eta antolatzaileek emandako datuen arabera, 1.800 kirolari inguruk parte hartu zuten banaka zein taldeka.