Hainbat gai izan dituzte ahotan: besteak beste, taldeak orain arte egin duen ibilbidea eta horren balorazioa, jarduna aurrera eramateko izan dituzten zailtasunak, egungo funtzionamendua, aurrera begirako asmoak… Urtemugaren harira, gainera, zer edo zer antolatzeko asmotan dabiltzala ere aurreratu dute. Bide batez, taldea nahiko osatua egon arren, jende gehiago ere ongi etorria izango litzatekeela aipatu dute.
Hamar urte bete ditu Debako Kontalariak egitasmoak. Nola sortu zen taldea eta zein izan zen honen guztiaren hazia?
Mari Seara (M.S.): Euskara Batzordetik iritsi zitzaigun proposamena. Gurasoen eta seme-alaben artean euskaraz aritzeko espazio berriak sortzea zen helburua.
Nolakoak izan ziren hastapenak?
M.S.: Herritar talde bat bildu ginen eta, formazio txiki bat jaso ondoren, ikasturteko egutegi bat zehaztu genuen. Hori guztia egin ostean, hilean behin hasi ginen ipuinak kontatzen.
Ispiluen gelan lehen saioa burutu zenutenetik hamarkada bat igaro da. Zer balorazio egingo zenukete?
Nahia Eguskizaga (N.E.): Esperientzia oso aberasgarria izan da. Batetik, urte hauetan guztietan haur belaunaldi desberdinak hazten ikusi ditugulako eta, bestetik, gure artean sortu den harreman eta konplizidadeagatik.
Zeintzuk izan dira orain arte eduki dituzuen zailtasunak?
M.S.: Alde batetik, urteetan taldean sarrera-irteerak egon izan dira, eta momentu batzuetan jende gutxi egon gara egutegia betetzeko. Eta, bestetik, kosta egiten zaigu adin batetik aurrerako haurrak gure saioetara erakartzea.
Zer etorkizun aurreikusten diozue egitasmoari?
N.E.: Kontaketak egiten jarraitu nahi dugu, eta une honetan kontalari taldea nahiko osatuta dagoela esan dezakegu, baina kontalarion proiektu hau denboran mantentzeko, interesgarria iruditzen zaigu jendea taldera gerturatzea.
Urtemugari dagokionean, zer edo zer berezia eginez ospatuko duzue?
M.S.: Esku artean zerbait badaukagu, baina ez dugu spoiler-ik egingo (barre artean).
“Kontalarion proiektu hau denboran mantentzeko, interesgarria iruditzen zaigu jendea taldera gerturatzea”
Zuen jardunari dagokionez, zenbat lagunen artean koordinatzen dituzue antolatzen dituzuen ekintzak?
M.S.: Ikasturteak dirauen bitartean egiten dugun saio bakoitzean bizpahiru kontalari aritzen gara. Beste taldekideek, berriz, kontaketa horietan bestelako laguntza eskaintzen dute: haurrei harrera egin, espazioak prestatu edo txukundu, dokumentatu…
Taldera jende berria gerturatzea polita litzatekeela diozue. Interesa daukanak nola egin dezake bat zuekin?
N.E.: Taldera gerturatzen den pertsona oro ongi etorria izango da. Pertsona bakoitzak taldea aberasten duela pentsatzen dugu. Are gehiago, ahots bakoitzak taldeari kolore berria ematen diola uste dugu. Laguntzeko interesa duten guztiak gutako edozein kiderengana gerturatu daitezke. Gure posta elektronikora (debakokontalariak@gmail.com) idatzita ere jarri daitezke gurekin harremanetan.
Nola antolatzen dituzue saioak?
N.E.: Ikasturte hasieran egutegia zehazten dugu, eta betiere herrian antolatzen diren beste ekintzak kontuan izaten ditugu (mendi irteerak, film emanaldiak…). Ipuinei dagokienean, horien aukeraketa kontalari bakoitzak egiten du, baina gero kontalari taldeak erabakitzen du saio bakoitzaren egitura. Zenbait data esanguratsuren bueltan (Azaroaren 25a, Euskararen Nazioarteko Eguna, Martxoaren 8a,…), hala ere, kontaketa saio bereziak egiten ditugu.
Gustura zaudete saioek izaten duten harrerarekin?
M.S.: Bai. Boladak egon izan dira, baina esan dezakegu orokorrean harrera ona izan dutela gure kontaketek.
Ipuinak soilik umeen kontua direla diote askok. Baieztapen horrekin bat zatozte?
N.E.: Baten batek hori pentsatuko du, baina kontaketetara laguntzera datozen heldu horien aurpegiak ikusita, esango genuke eurek ere gozatzen dutela ipuinekin. Bestalde, helduentzako kontaketak egin izan ditugunean, egia da jendea erakartzea kostatzen dela, baina etorri direnek oso harrera ona egin izan diete saioei.
M.S.: Zoritxarrez, “ipuin” eta “helduak” kontzeptuak ez ditugu kulturalki erlazionatzen, baina istorio zirraragarriak, dibertigarriak, beldurgarriak… daude helduentzako edota nerabeentzako ere bai.
Saioen bidez herritarren irudimena elikatzen saiatzen zarete. Baina zergatik uste duzue dela hain aberasgarria ipuinak kontatzea? Ekintza bera zerk egiten du berezi?
N.E.: Ipuinek berezkoa dute irudimena elikatzea. Lehen, ipuinak ahoz aho trasmititzen ziren, baina gaur egun esan genezake haurrak ez daudela ohituta irudirik gabeko ahozko kontakizunak entzutera. Ahozkotasunaren garrantzia azpimarratu nahiko genuke; hitzaren presentzia, helduen eta haurren arteko komunikazio zuzena, iragazkirik gabea.
Ahozko narrazioak, besteak beste, irakurketa sustatzen duela esango zenukete? Edo istorioek emozioak bideratzen laguntzen dutela?
M.S.: Hasieran euskarriaz (ipuinaz) baliatuz kontatzen genituen istorioak, baina, orain, euskarri fisikorik gabe kontatzen ditugu sarritan. Eta bai, haurren aurpegiek ederki adierazten dituzte ipuinek sorrarazten dizkieten emozio guztiak. Eta benetan sinesten dugu bizipen horiek guztiek liburuetara gerturatzen lagunduko dutela.
“Zoritxarrez, ipuin eta helduak kontzeptuak ez ditugu kulturalki erlazionatzen”
Zer gomendio emango zeniekete saioetara bertaratu nahi dutenei?
N.E.: Presarik gabe etortzea eta zentzumen eta plazerari bide ematea gomendatzen dugu. Ipuinak altxorrak dira!
Edozein kasutan, zer osagarri batu behar ditu, zuen ustez, ipuin on batek?
M.S.: Oso zaila da definitzea zein osagai izan behar dituen ipuin on batek. Baina gauza bat argi daukagu: kontaketa arrakastatsua izateko kontalariari ipuin horrek zerbait mugitu behar dio.
Eta kontalariak?
N.E.: Ez gara kontalari profesionalak. Beraz, gure kasuan nahikoa da ipuinak gustukoak izatea eta haurrekin gozatzeko prest egotea.
Ispiluen gelan hasi zenuten jarduna, baina azken hiru ikasturteetan beste hainbat tokitan ere antolatu dituzue saioak. Aurtengo berritasunetako bat saioak Ispiluen gelan eta ordu berean egitea izan da. Zergatik?
N.E.: Azken hiru urte hauetan, eta bizi izan ditugun garai arraroak kontuan izanda, oso gustura aritu gara Debako espazio desberdinetan, baina orain Ispiluen gelan jarraituko dugu gure jarduna. Egia esan, magia berezia du gune horrek.
Hasi berri den ikasturteari begira, zer asmo duzue?
M.S.: Aurreko urteetako dinamikari eustea, eta hamargarren urteurrena modu berezi batean ospatzea.