Hilabete honetako ikasleentzako mendi irteera Oñati aldera egingo dute. Burdin Kurutz Mendi Taldeko arduradunek aurreratu dutenez, Araotzen hasi eta amaituko dute antolatu duten 9 kilometroko ibilbide zirkularra, eta bidean, Orkatzategiko gailurra (861 metro) eta Aitzulo haitzulo ikusgarritik igaroko dira mendizale gazteak. Azpimarratu dutenez, ibilaldia “zailtasun gutxikoa” eta “polita” izango da. “600 bat metroko desnibel metatua dauka”.
Txangoan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako azken eguna osteguna (azaroak 17) da. Ikasleek eskolan bertan izena eman dezakete. Ikasleekin batera joan nahi duten helduek, berriz, Burdin Kurutz taldeko Whatsapp taldean idatzita edo mendi taldeko norbaitengana hurbilduta izena eman beharko dute. Irteeraren prezioa 12 eurokoa da bazkideentzat eta 15 eurokoa gainerako herritarrentzat. Autobus zerbitzua ere egongo da irteerara joateko. Autobusa 08:30ean abiatuko da Debako pasealeku estalitik.