Programazioko hainbat ekimen aurrez iragarri bazituzten ere, antolatzaileek astelehen (azaroak 7) iluntzean egin zuten publiko aurtengo egitaraua bere osotasunean. II. Euskeraz Bagera zikloa Euskaraldiarekin batera abiatuko da ostiralean (azaroak 18) eta abenduaren 10ean amaituko da.
Azaroaren 18an, 19:00etan emango zaio hasiera Euskaraldiari, herriko trikitilariek girotutako kalejirarekin. Eta, azaroaren 19an, larunbatean, Kalean Kantuzen emanaldia izango da 12:30etik aurrera.
Azaroaren 26an, yoga ikastaroa eskainiko du Maialen Solabarrietak 10:00etan eta Goaz Antzerki Taldearen Bilakatu antzezlana izango da ikusgai, berriz, 19:00etan.
Egun batzuk beranduago, abenduaren 1ean, izango du jarraipena egitarauak, 18:00etan egingo den Mintzodromoarekin. Eta, abenduaren 2rako (ostirala) hiru hitzordu aurreikusten dira: literatur txapelketako sari banaketa ekitaldia (10:30ean), Euskaraz blai truke jolasa (17:00etan) eta Benito Lertxundiren kontzertua (22:00etan).
Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, umeentzako mahai-jokoak izango dira goizean eta Euskaraldiaren dantza eta argazki herrikoia, berriz, 13:30ean.
Herriko musikarien kontzertu akustikoa (Euskeraz bagera!) iragarri dute abenduaren 9rako (22:30ean) eta Skabidean taldearen Skabidean 10 urte dokumental aurkezpena (11:00etan) eta kontzertua (20:00etan) izango dira aukeran abenduaren 10ean.
Zuhatza, Debako Udala eta Euskaraldia ez ezik, ondoko eragileek ere antolatu edo parte hartuko dute, elkarlanean, jardunaldietan: Kultur Elkartea, Goaz Antzerki Taldea, Gure Kai Euskal Dantzari Taldea, Mendata ikastetxea, Deban Kalean Kantuz eta Debako Gazte Asanblada. Ikigai Zentroaren, Emunen eta Goimek-en laguntza ere izango du egitarauak.