06:45ean entzun dira Euskaraldiaren hasiera iragartzeko lehen irrintziak Deban. Eta goizean goizetik dabil jendea kalean ahobizi edo belarriprest txapa jarrita. Norbanakoek soinean ez ezik, ariguneek ere ikusgai jarri dituzte identifikagarri laranjak euren lantoki edo egoitzetan. Debako Euskaraldiko kideek nabarmendu dutenez, aurten 700dik gora lagunek eman dute izena egitasmoan gurean. Halaber, guztira 63 arigune sortu dira Deban eta Itziarren.
Abenduaren 2ra arte izango da Euskaraldia. 15 eguneko iraupena izango du, hortaz, ariketak. Eta goizeko irrintziekin abiatu den egitarauak iluntze partean izango du gaur jarraipena Deban. 19:00etan, Labatai tabernatik hasita, kalejira egingo da herriko trikitilariekin.
Bihar, azaroak 19, eguerdirako jarri dute hitzordua. Izan ere, Kalean Kantuz-en emanaldia izango da 12:30etik aurrera, udaletxeko arkupeetatik abiatuta. Eta etzi, hilaren 20an, Euskaraldiaren dantza ikastaroa izango da 10:00etan (Agirre jauregian, Gure Kai EDT-ren eskutik), mural margoketa 11:30ean (Foruen plazan) eta Gune Ibiltaria 12:00etan (Foruen plazan). Eguraldi txarra egingo balu, ekimenak estalitako pasealekuan egingo direla ohartarazi dute antolatzaileek.
Euskaraldiarekin batera abiatu da gaur herrian Euskeraz Bagera programazioa, Zuhatza Euskara Elkartea, Debako Udala, Euskaraldia eta beste hainbat eragileren ekimenez. Egitaraua abenduaren 10ean amaituko da.