Nafarroako hegoalde eta erdialdeko produktuez osatutako saskiak elkarteko bulegoan (Ifar kalea, 12) egongo dira eskuragarri, 09:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara. Banaketa egingo den egunean bertaratzeko arazoren bat duten bazkideei, aldiz, 943 19 13 83 edo 688 840 308 telefono zenbakietara deitzeko eskatu diete Zuhatzako arduradunek.
Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka lelopean egin den udazken kanpainaren emaitzak iazkoak baino zer edo zer apalagoak izan badira ere, jasotako erantzuna “bikaina” izan dela azpimarratu dute Errigorako kideek. Zehaztu dutenez, 13.000 saski banatuko dituzte egunotan, eta horri esker, 200.000 euro bideratuko dituzte euskalgintzara.