Urtero modura, Gabonen atarian, urteko bilketa nagusia egingo dute bateko eta besteko elikagaien bankuek. Ostiralean (azaroak 25) eta larunbatean (azaroak 26) egingo dute bilketa Deban, eta Dia eta Eroski supermerkatuekin elkarlanean, nahi duten pertsona guztiek izango dute laguntzeko aukera. Elikagai bankuko arduradunek azaldu dutenez, bi egun horietan dendak zabalik dirauten ordutegian (09:00etatik 21:00etar) egongo dira oinarrizko jakien eta bestelako produktuen bilketa egiten.
Bilketa egiteko, baina, boluntarioen beharra daukatela jakinarazi dute, eta boluntario modura parte hartzeko deia egin dute. Laguntzeko prest daudenei 605 754 255 eta 635 753 341 telefono zenbakietara deitzeko eskatu diete; osteguna (azaroak 24) da izena emateko azken eguna. “Ordu asko dira eta laguntza behar izaten dugu. Hiru orduko txandak antolatu ditugu, eta nahi duen guztia, beso zabalik hartuko dugu”.
Biltegia betetze aldera, urtarriletik aurrera saltokietan janaria uzteko kutxak ipiniko dituztela ere iragarri dute
Aurreratu dutenez, aurten ere bonu bidezko sistema erabiliko dute bilketa egiteko. “Dian eta Eroskin elektronikoki eskuratu ahalko dira bonuak. Kutxan ordaintzerako orduan zenbat diruko bonua eskuratu nahi duen galdetuko diote erosleari, eta, bakoitzak ahal den neurrian, nahi duen kopuruarekin laguntzeko aukera edukiko du”. Bonu bidez batutako kopurua behar dituzten produktuak erosteko baliatuko dute. “Gipuzkoako Elikagai Bankuak, gero, diru kopuru hori erabiliko du produktuak erosteko”.
Eroskin, gainera, laguntzeko bigarren era bat ere egongo da. Hau da, betiko modura elikagaiak erosi, eta saltokiaren sarreran uzteko aukera egongo da. Beharrizana duten familiei elikagaiak banatzeaz ardura da elkartea, eta bizi dugun “egoera ekonomiko korapilatsua” tarteko, herritarren elkartasuna “inoiz baino beharrezkoagoa” dela ohartarazi dute. “Biltegi guztiak hutsik daude”. Esan dutenez, bilketan edozein elikagai izango da ongietorria. “Alperrik galtzen ez den janaria behar dugu, gehienbat”.
Biltegia betetze aldera, urtarriletik aurrera saltokietan janaria uzteko kutxak ipiniko dituztela ere iragarri dute. “Herriko zenbait saltokiren sarreretan kutxa batzuk ipintzea da asmoa. Urtarriletik aurrera abiaraziko dugu egitasmoa, udalarekin, gizarte zerbitzuekin eta hainbat erakunderekin elkarlanean. Modu horretara, urte osoan janaria biltzeko aukera edukiko dugu”.