Erabilgarri daude Mendaro, Elgoibar, Deba eta Mutrikuko adinekoentzako hiru udal etxebizitzak

Berriketan 2022ko aza. 29a, 12:46

Mendaroko Udalaren herriko hiru etxebizitza sozialak erabiltzeko prest daude jada. Eskualde mailako erabilera izango dute, Elgoibar, Deba eta Mutrikuko erabiltzaileekin partekatua, Deba Kostako Gizarte Zerbitzuen eremuko udalek azaroaren 25ean Mendaron hitzarmena sinatu ostean.

Joan den azaroaren 25ean egin zuten hitzarmena sinatzeko ekitaldia Mendaron. Zerbitzua jasoko duten lau herrietako ordezkariek urtebeterako hitzarmena sinatu zuten, eta, jakinarazi dutenez, lau urtera arte berritu ahal izango da urtez urte.

Udal ostatua egonaldi luzerako edo erabilera iraunkorrerako zerbitzua da eta, salbuespen gisa, aldi baterakoa; tutoretza, bitartekaritza-bitartekotza, gizarte-laguntza eta gainbegiratze lanak egiteko langileen laguntza eta, hala badagokio, etxez etxeko arreta pertsonala ere jasotzeko aukerarekin.

Duela urte batzuk eraiki zituzten etxebizitzak, baina orain arte ez dituzte erabilgarri jarri

Tutoretzapeko etxebizitzen helburuak honakoak dira: erabiltzaileak haien komunitatearen ingurunean gera daitezela erraztea, autonomia-maila pertsonala hobetzea, hari eustea edota autonomiaz moldatzeko aukera ematen duten trebetasun eta gaitasunak galtzea prebenitzea, bakarrik bizitzen ez uztea, segurtasun-sentimendua eta beste zerbitzu batzuen esku-hartzea eska dezaketen beste beharrizan batzuk antzematea, hobetzea eta bizilekurik ez dutenei ostatu hartzeko aukerak ematea.

Mendaroko Eguneko Zentroko espazioan daude zerbitzua emango duten hiru etxebizitzak. Duela urte batzuk eraiki zituzten, baina orain arte ez dituzte erabilgarri jarri. Mendaroko Udalak hainbat egokitzapen lan gauzatu ditu. Besteak beste, hezetasun arazoak konpondu ditu, energia elektrikoaren kontagailuak egoki banatu ditu, eta etxeko elementu ezberdinen horniketaz arduratu da (etxeko gailuak, menajea…). Lanotarako, 33.058,91 euroko aurrekontua bideratu dute.

Ane Beitia, Gilen Garcia, Iñaki Arregui eta Joseba Palenzuela, Elgoibarko, Debako, Mendaroko eta Mutrikuko alkateak, hurrenez hurren, azaroaren 25ean Mendaron hitzarmena sinatzeko egin zen ekitaldian.

 

Kudeaketa. Ostatu zerbitzuaren kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa Mendaroko Udalaren eskumenekoa izango da, baina kudeaketa horren finantzaketa lau udalerrien artean banatuko dute. Inbertsioen ondorioz izango diren gastuak zein kudeaketari dagozkionak, biztanleria kopuruaren arabera banatuko dituzte: Elgoibarko Udalak % 47,39, Debako Udalak % 22,43, Mutrikuko Udalak % 22,02 eta Mendaroko Udalak % 8,16.

Erabiltzaile plazaren kostuaren ordainketa, berriz, erabiltzailearen jatorrizko udalerriak egingo du, % 100 ordaindu ezin duten pertsonen kasuan. Plazaren kostua urtero finkatuko dute.

Lau udalerrietako alkateek “oso positiboki” baloratu dute zerbitzu hau elkarlanean abian jarri izana: “Hilabeteak daramatzagu lau udalok lanean eta gaur herritarren ongizatea bermatzeko abian jartzen dugu zerbitzu hau. Egoera zaurgarrienean dauden herritarrak artatuko ditugu honela, Deba Kosta eremuko herritarren bizi kalitatea bermatuz eta kasu hauetan nabarmen hobetuz. Gizarte Zerbitzuen alorrean aurrerapauso garrantzitsua bezain beharrezkoa da”.