Urteko azken mendi irteera bateratua egingo dute igandean (abenduak 4) Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Pandemia aurreko ohitura zaharrak berreskuratuta, Markina-Xemeingo bigarren gudu lerrora antolatu duten ibilaldia “ospakizun giroan” egingo dute, irteera ondorengo bazkari eta guzti.
Azaldu dutenez, 09:00etan Markina-Xemeindik abiatu eta Ziortza-Bolibarrera bidean, 36ko gerrako gotorlekuetatik, Iruzubietatik, Zapola tontorretik eta Santa Eufemiatik igaro ondoren, 12 kilometroko ibilbidea osatuko dute mendizaleek. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, zailtasun gutxiko ibilaldia izango da, lau ordu inguruan egiteko modukoa.
Behin Ziortza-Bolibarren, Kanpape jatetxean batuko dira. Bazkaritarako 56 leku daude, eta horregatik, aurrez izena emateko eskatu dute. Irteeraren prezioa 35 eurokoa da, eta prezio horren barruan bazkaria (babarrun jana, postrea eta kafea) eta autobus bidaia sartzen direla esan dute.
Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute; horretarako azken eguna gaur (azaroak 29) da. Markina-Xemeinera joateko autobus zerbitzua ere egongo da. Igandean, 08:15ean abiatuko da autobusa estalitako pasealekutik.