Gipuzkoako Foru Aldundiaren ondare historiko-artistikoa kontserbatzeko planaren barruan kokatzen da proiektua, eta, aldundiko iturriek jakitera eman dutenez, bi hilabete iraungo dute lanek. “Aurreikuspenen arabera, abenduaren bigarren astean amaituko ditugu”.
Esku hartzearen aurrekontua 53.500 eurokoa da, eta 1995an gauzatutako zaharberritze integralaren “jarraipen” moduko bat dela esan dute aldundiko arduradunek. “Eliz atari gotiko polikromatu honen balio handia kontuan hartuta, eta atariaren osotasuna bermatzeko asmoarekin, azken urteotan hainbat kontserbazio jarduketa egin ditu aldundiak. 2019an, eliz ataria ikuskatu, berrikusi eta hautsa kentzeko txostena eskatu zion aldundiak Petra enpresari, eta txosten horren ondorio da ikusitako kontserbazio arazoak konpontzeko egun egiten ari diren esku hartzea”.
Nekane Sanz Gomez de Segura lanen arduradunak azaldu duenez, polikromia finkatzea eta morteroen egitura sendotzea da, batez ere, lanen helburua. “2021ean mantenu lanak egin genituenean polikromiaren aglutinatzailea ez zegoela konturatu ginen. Polikromiaren pigmentua ere hauts bihurtuta zegoela ohartu ginen. Hori dela eta, mantenu lanak egitea beharrezkoa zela ikusi genuen. Zaharberritze lanak egin zirenean, bestalde, ez zen morterorik ipini. Tarte horietan hautsa eta zikina sartzen zen, eta guztia babesteko elementu garrantzitsua da”.
Lanak ikusgai. Lanen arduradunak zehaztu duenez, hondarrez eta karez egindako mortero tradizionalak ari dira ipintzen. “XV. mendean garai hartako artisauek egiten zuten erara ari gara morteroak jartzen; hau da, erretxinik edota gauza sintetikorik gabe”.
Bospasei pertsonako lantalde profesionala ari da zeregin horretan eta, Sanzen esanetan, “martxa onean” doaz lanak. “Hiru mailatan banaturik dagoen aldamio bat ipini dugu eroso lan egiteko. Goiko mailako lanekin amaitu ondoren, erdiko mailan ari gara orain lanean”.
Nahi dutenek, gainera, lanak bisitatzeko aukera izango dutela gaineratu du. “Interesatuta dauden guztiak aldamiora igotzera gonbidatuta daude. Beharrezko azalpen guztiak emango dizkiegu”.