Erika Lagoma Pomarrek (Lesaka, 1981) eta Estitxu Fernandez Maritxalarrek (Lesaka, 1975) feminismotik eta amatasunetik pentsatu eta gauzatu dute M ama* eme* ume* liburua, hamahiru lekukotasun jasoz, hamaika ama eta bi aitaren testigantza bana: bikotedunak eta bikotegabeak, heterosexualak eta homosexualak, amabakarrak, adoptatzaileak, ama ez izatea erabakitakoak, ama izan ezin dutenak…
Deban maiatzean egindako aurkezpenean laburbildu zutenez, “hamahiru ahots jaso ditugu, hamahiru bizipen, eta horietako bi gizonenak dira, bai; ez genuen nahi liburua emakumeentzat bakarrik idatzia zenik ulertzea, nahi genuen liburua gizonengana ere iristea, eta bidea errazteko modu bat zen hurbiltasun hori sortzeko aitei ere ahotsa ematea”.
Luze eta sakon landu diren elkarrizketak daude liburuan jasotako narrazioen atzean; gai asko jartzen ditu mahai gainean eta horiekin guztiekin eztabaida edo hausnarketarako gonbidapena ere badakar, finean.
Tene Mujika bekaren emaitza den liburua maiatzean plazaratu zutenetik, hamarnaka aurkezpen egin dituzte egileek. Bihar, abenduaren 1ean, Donostiako Kutxa Kultur-en izango dira, 19:00etan. Euskaraz egingo da solasaldia eta sarrera librea izango da (edukiera mugatua).