Ekintzaz beteta dator Debako Gaztelekuaren neguko oporraldirako agenda

Berriketan 2022ko abe. 19a, 09:30

Besteren artean, hainbat irteera antolatu dituzte. Belaunaldi bakoitzarekin egindako asanbladetan erabaki dute irteeretan nora joan.

Beste urte batez neguko oporraldirako eskaintza osatu du Gaztelekuak. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, “aurtengo neguko oporraldian ere ez dute aspertzeko betarik izango Debako gaztetxoek”. Askotariko ekintzak antolatu dituzte. Besteak beste, hainbat irteera egingo dituzte: 12 urtekoekin zinemara joateko asmoa agertu dute, 13 urtekoekin Txuri Urdin izotz jauregira, 14 urtekoekin Salting Iruñara eta 15 urtekoekin Donostiako Laser parkera. Ekintza horietan parte hartzeko izena ematea ezinbestekoa dela eta epea zabalik dagoela jakitera eman dute.

Adinaren arabera antolatutako irteerez gain, nerabe guztiek batera parte hartu ahal izango duten jarduerak ere egingo dituzte. Zehaztu dutenez, bingo, futbolin, ping-pong eta pala txapelketak antolatu dituzte. Gaztefutbol taldekoek, berriz, Elgoibarren egingo den herrien arteko futbol topaketan parte hartuko dute.

16 urtekoek, bestalde, ekintza komunitarioei jarraipena emateko aukera edukiko dute. “Debandank proiektuan murgilduta jarraitzen dute. Opor hauetan herri mailan egingo den tonbola erraldoi bat egingo dute”.

Egun berezietan izan ezik (abenduak 24, 25 eta 31 eta urtarrilak 1, 6 eta 7), Gaztelekua zabalik egongo dela gogorarazi dute bertako arduradunek.

EGITARAUA:

  • Abenduak 26
    • Gaztefutbol Elgoibarren. Talde itxia dela gogorarazi dute.
  • Abenduak 27
    • Bingo Txapelketa nerabe guztientzat, arratsaldean, Gaztelekuan.
  • Abenduak 28
    • Zinemara irteera. 2010ean jaiotakoei zuzendutako irteera.
  • Abenduak 29
    • Salting Iruñara irteera. 2008an jaiotakoei zuzendutako irteera.
  • Abenduak 30
    • Lasergunera irteera. 2007an jaiotakoei zuzendutako irteera.
    • Futbolin Txapelketa. Nerabe guztiei zuzendutako ekintza Gaztelekuan egingo dute arratsaldean.
  • Urtarrilak 2
    • Ping-pong Txapelketa. Nerabe guztiei zuzenduta ekintza Gaztelekuan egingo dute arratsaldean.
  • Urtarrilak 3
    • Pala Txapelketa. Nerabe guztientzat, goizez, pilotalekuan.
  • Urtarrilak 4
    • Txuri Urdinera irteera. 2009an jaiotakoei zuzendutako ekintza.