Historian euskara hutsean egin eta estreinatu zen lehenengo opera berreskuratzeko kudeaketa ekonomikoaren ardura dauka debarrak, eta horren eta beste hainbat xehetasunen berri eman die Berriketan aldizkariko kazetariei.
Serafin Barojak eta Jose Antonio Santestebanek XIX. mende amaieran sortutako Pudente opera berreskuratzeko lanetan murgilduta zabiltzate Donostia Operako kideok. Nola heldu zenioten tamaina honetako proiektu musikal bat berreskuratzeko erronkari?
Udazkenero, operarekiko zaletasuna zabaltzeko asmoarekin, Divina Opera deituriko formatu txikiko opera zatien ikuskizunak antolatzen ditugu Donostian. Orain dela urte eta erdi edo, Jagoba Fadrique gure zuzendari artistikoak Baroja eta Santestebanen obra honi buruzko komentario bat topatu zuen ezustean Interneten, kontzertu hauetarako errepertorio bila zebilela. Gehiago jakin nahian, Pudente 1884ko Donostiako inauterietarako sortutako obra bat zela deskubritu zuen eta, gure taldearen zentzua opera zaletasuna Donostian, Gipuzkoan eta Euskal Herrian sustatu eta zabaltzea izanik, gure hurrengo proiektu nagusia izan behar zela argi ikusi genuen.
Horrelako proiektu bati heltzen diozuen lehen aldia da?
Ez, urteetako esperientzia kontrastatua daukagu. 2017an sortu zen Donostia Opera, Gipuzkoan eta, oro har, Euskal Herri osoan opera ezagutarazi eta sustatzeko helburuarekin, eta, ordutik, Donostian bertan ekoiztutako 11 operatan eta Orion egindako musikal batean parte hartu du.
Zeintzuk dira opera honen ezaugarri nagusiak?
Pudente-ren ezaugarri nagusiena da historian euskara hutsean egin eta estreinatutako lehenengo opera izan zela. Aurretik baziren euskal opera bezala izendatutako beste kasu batzuk, Xabier Munibe Peñafloridako Kondearena, esaterako. Baina haiek euskaldunek erdaraz sortutako operak ziren, edo elebidunak. Pudente desberdina da, bakarra. XIX. mendean donostiar bikote batek inauterietarako, herriarentzako, sortutako eta goitik behera euskaraz egindako lehena izan zen, euskaldunek egindako lehen euskal opera, alegia.
Zenbat ekitaldi ditu?
Nahiz eta Barojaren libretoak hiru ekitaldi eduki, bi ekitaldirekin estreinatu zuten; dirudienez, Santestebani guztia osorik bukatzeko denborarik ez zion eman. Hamar urte beranduago berriro taularatu zuten, osatuta eta hiru ekitaldiekin, hain zuzen.
“Proiektua, gaur egun, partituraren berreskuratze eta obraren orkestrazio fasean dago”
Nolakoa izan da 100 urte baino gehiago desagertuta egon den lan bat berreskuratzea?
Ez da lan erraza, baina buru-belarri eta ilusioz ari gara lanean. Antza, Santestebanen oinordekoek ez zuten obra original osoa gorde; oraingoz, Santestebanek berak zer edo zer beranduago piano eta kanturako publikatutako bertsio bat lortu dugu. Fadriquek berak, gainera, Espainiako Liburutegi Nazionaleko funtsak kontsultatu ditu, baita Eresbil (Musikaren Euskal Artxiboa) eta Donostiako Kontserbatoriokoak ere. Donostiako Union Artesanako artxiboetan ere bila ibili gara, izan ere, horiek eta dagoeneko desagertuta dagoen La Fraternal elkartea izan ziren Pudente-ren estreinaldiaren babesle nagusiak.
Obra berpizteko ahalegina handia izaten ari da, ezta?
Zorionez, Barojaren libretoa osorik aurkitu da eta, bertan, obraren eszena bakoitzari zein melodia herrikoi eta testu dagokion azaltzen da. Santestebanek, gainera, pianorako akonpainamentuzko musika herrikoi asko eman zuen argitara. Gure hurrengo urratsa material hau guztia Barojaren oharrekin “konektatzea” izango da.
Nolakoa izan da partiturak eta libretoa berreskuratu, zaharberritu eta transkribatzeko prozesua? Nora edo norengana jo behar izan duzue?
Obra berreskuratu eta berrasmatzeko, Fran Dominguez konpositore gaztearen laguntza daukagu. Behin partitura zati guztiak ulertzea lortuta, horiek gaur egungo orkestaziora moldatzea izaten ari da bere lana.
Berreskuratze lanetan zenbat lagun ari zarete lanean?
Protagonista nagusiak Jagoba Fadrique gure zuzendari artistikoa, Fran Dominguez konpositorea eta Jon Bagües Eresbilgo zuzendaria izandakoa dira; egia esan, azken honen laguntza ere ezinbestekoa da Pudente-ri buruzko edozein pasarte eta partitura lortzeko garaian. Berreskuratze lana oraindik ez da amaitu eta, hortaz, beraien laguntza guztiz ezinbestekoa izaten ari da.
“130 pertsonarentzako lana aurreikusten dugu, eszenatokian bertan eta kanpoan”
Prozesua zer fasetan dago orain momentuan?
Partituraren berreskuratze eta obraren orkestrazio fasean dago; errazena eta zailena falta dela esan genezake. Partitura eta gidoirik gabe, ez daukagu ezer egiterik, baina eszenografia, aktore, musikari, orkestra, jantzi edota antzokirik gabe ere ez. Orain arteko esfortzu nagusia obra berreskuratzea eta birmoldatzea izan da, eta, noski, hau guztia finantzatu ahal izatea ere bai. Lehenengo mugarri hau lortu dugula esan genezake.
Musika eta antzerkia bateratzen dituen ikuskizun hau gauzatzeko, baina, diru asko beharko duzue. Zer aurrekontu daukazue esku artean?
Opera ikuskizun batek baliabide, profesional eta boluntario askoren beharra izaten du. 130 pertsonarentzako lana aurreikusten dugu, eszenatokian bertan eta kanpoan. Horrelako ikuskizun batek, obra bera berreskuratu eta orkestratzeaz gain, pertsonal gastu handiak dauzka; diru asko behar da aktore, musikari, orkestra, eszenografia, eszena langile, jantzi profesional, makillatzaile, argiztapen, soinu eta abarren behar guztiak finantzatzeko. Kasurik onenean, 120.000 euroko aurrekontua darabilgu esku artean, baina ziur nago gehiago ere izan daitekeela.
Diru kopuru hori lortzeko, gainera, crowdfunding kanpaina bat ere abiarazi duzue. Nola joan da?
Zorionez, Gipuzkoako Foru Aldundiak Goteo Fundazioaren plataformaren bitartez bultzatutako PiztuMeta! izeneko deialdirako hautatuak izan ginen. Pudente egia bihurtzeko beharrezko aurrekontua 120.000 eurotik gorakoa bada ere, bide hori lehenengo faseari heltzeko aukera bezala baliatu dugu, baita gure proiektuari gipuzkoar jendartean zabalkundea emateko ere. Lehen faseari aurre egiteko gutxieneko aurrekontua 7.639 eurokoa zen, eta, azkenean, 11.263 euro batzea lortu dugu. Hau guztia oso garrantzitsua izan da guretzat. Alde batetik, obraren berreskuratze eta orkestrazio lanak ordaintzeko ahalmena eman digulako, eta, bestetik, kopuru hau guztia aldundiak berak jarritako eta askotariko herritarrek egindako laguntza txiki askorekin lortu delako.
Zein izango da hurrengo urratsa?
Erakunde publiko zein pribatuen laguntza eta konpromisoa lortzea izango da hurrengo urratsa; hori izango da gure erronka nagusia, eta ilusioz ari gara lanean. Ez dezagun ahaztu XIX. mendean euskara hutsean egindako lehenengo opera berreskuratuko dugula, eta hori galdu ezin dugun aukera bat dela. Baina dena ez da dirua eta finantzaketa. Donostia Operaren ardatzetako bat gure lurraldeko musikari gazteei eta promesa berriei aukera eta oihartzuna ematea ere badela kontuan izanda, proiektua aurrera eramateko orkestra eta talde desberdinekin kontaktuan ere bagaude. Egia esan, jende asko inplikatzeko asmoarekin gabiltza lanean.
“Pudente Donostian jaio zen eta, ia mende eta erdi geroago, Victoria Eugeniara, Donostiako antzoki nagusienera, bueltatuko da”
Lana estreinatzeko datarik aurreikusita daukazue?
Obraren berreskuratze lanetan bete-betean ari gara orain momentuan, eta horrelako proiektu batek eskatzen duen jendea eta aurrekontua kontuan izanda, ez daukagu data zehatzik ezarrita. Nolanahi ere, Donostia Operak 2023ko udazkenean estreinatuko duela ziur nago. Pudente Donostian jaio zen eta, ia mende eta erdi geroago, Victoria Eugeniara, Donostiako antzoki nagusienera, bueltatuko da.
Pudente-ren aurrerapen txiki bat entzuteko aukera ere egon da duela gutxi Donostiako San Vicente elizan egindako kontzertu batean. Zer nolako harrera izan zuen jendaurrean egindako aurkezpenak?
Azaroaren 26an egin zen Divina Opera deituriko formatu txikiko opera zatien ikuskizuna. Operarekiko zaletasuna eta euskal opera ondarea sustatzeko idiosinkrasia ardatz izanik, euskal opera eta zarzuelen zati txikiekin osatutako programa entzuteko aukera egon zen Donostia Operaren eskutik; besteak beste, Arrietaren Marina, Colinen Maitena, Guridiren Caserio, Mirentxu eta Amaya, Sorozabalen Katiuska eta Usandizagaren La Llama eta Mendi Mendiyan entzuteko aukera egon zen. Aurtengo programaren barruan, gainera, Pudente-ren obertura ere entzuteko aukera egon zen, Amaia Zipitria pianojole andoaindarraren eskutik, eta euskal doinu herrikoiak opera baten barruan erraz identifikatu zitezkeela konturatu ziren bertaratu ziren ikusleak. Emanaldiak, egia esan, prentsaurreko eta bestelako ahaleginez gain, herriari proiektua zuzenean aurkezteko parada eman zigun, eta horrekin guztiarekin jendea animatzea ere lortu genuela uste dugu.