ELKARRIZKETA

Maite Zalduegi: “Zazpi hilabetez Brasilen bidaiatu eta Euskal Herrira ‘betirako’ bueltatzea zen asmoa”

Berriketan 2022ko abe. 28a, 14:38

“Zerbait berria ezagutzeko gogoak” eraman zuen Maite Zalduegi munduan barrena bidaiatzera. Granadan itzulpengintza ikasketak burutu ondoren egin zuen bidaietako batean brasildar batzuk ezagutu zituen, eta haien herrialdea ezagutzera abiatu zen; zazpi hilabeteko bidaia izan behar zuena luzatu, eta bertan errotu da 44 urteko debarra.

Egun, Ubatuban bizi da bikotekidea eta hiru seme-alabekin batera. Ez da damu Brasilgo kostaldera joateko erabakia hartu izanaz. Handik erantzun die Berriketan-en galderei.

Noiztik bizi zara Debatik kanpo? Non zaude gaur egun ?
18 urterekin Granadara Itzulpengintza ikastera joan nintzenetik, ez dut negu osorik herrian pasatu. Ubatuban bizi naiz, bikotekidea eta hiru seme-alabekin; Brasilgo kostaldean dago, Sao Paulo eta Rio de Janeiro arteko mugan. Zergatik? Ba oraingoz gustura gaudelako, lana egiteko aukera daukagulako eta bizi kalitatea ere ona delako. Horrez gain, bizitza sentitzen dugun bezala bizitzeko aukera ere badago.

Zerk eraman zintuen atzerrira?
Zerbait berria ezagutzeko gogoak. Australian urtebete igaro ondoren, bertara itzuli edo bertan ezagutu nituen brasildarren lurra ezagutzeko zalantzatan ibili nintzen. Azkenean, ezezagunaren atzetik joan nintzen; zazpi hilabetez Brasilen bidaiatu eta Euskal Herrira “betirako” bueltatzea zen asmoa.

Zertan zabiltza orain?
Azken bi urte eta erdi hauek oso garrantzitsuak izan dira niretzat. Ulergaitza egiten zait egoera guztia, eta sortu zaizkidan galderen erantzunen bila nabil. 2020ko maiatza aldera, gainera, idazten hasi nintzen. Lanak liburu forma hartu zuen, eta Debako ikastolako lagun batekin abenduan argitaratzeko asmoz gabiltza. Senarrari ere laguntzen diot lan kontu batzuetan eta gure txikiekin ere denbora asko ematen dut.

Espero zenuen bezalakoa da orain duzun bizilekua? Zerk harritu zintuen?
Egia esan, ez nuen ezer berezirik espero. Nahiko galduta nenbilen eta, Brasilen bertan egonda, ezagutzeko gogoa neukan. Zati txiki bat besterik ez dut ezagutzen; oso herrialde handia da. Kanpora begira jende nahasketarekin eta herri tolerante bezala agertu arren, nik baino aurreiritzi gehiago zituztela eta beraien artean gu baino askoz elitistagoak direla iruditu zitzaidan; beharbada, horrek harritu ninduen gehien.

Zure egunerokoan euskarak zein leku du?
Gure txikiei hitz egiten saiatzen naiz, baina ez da nik espero bezala joan. Alaba nagusiak primeran hitz egiten du, izan ere, bera da Debara gehien joan dena ere. Baina, bi txikiek, ulertu arren, ez didate euskaraz erantzuten. Dena den, saiatzen naiz euskaraz hitz egiten eta abesten, eta euskaldunak ere badirela gogorarazten!

Bertako hizkuntzarik ba al dago hor?
Lur hauetan geratu diren indigenek beraien hizkuntzak gorde dituzte, baina beraien artean eta herrixketan bakarrik erabiltzen dituzte. Portugesak bertan bizi zirenen hizkuntzen hitz asko jaso ditu, baina, hala ere, mingarria eta oso tristea da lurralde hauetan bizi ziren herriei egindako guztia.

Zer eramango zenuke horra Debatik? Eta zer ekarriko?
Egia esan, ez nuke ezer aldatuko. Ubatubak ematen didan askatasuna oso gustuko dut, baita herrian ezagunen artean egotearen goxotasuna ere. Batzuetan, beste tokiko gauzen falta izatea aberasgarria da. Jaki mailan, berriz, hortik oliba olioa, ogia eta ardo onak ekarriko nituzke Ubatubara eta hemengo banana, papaia, koko eta mango goxoak eramango nituzke Debara.

Debara bizitzera bueltatuko zarela uste duzu?
Deba eta inguruak erreferentzia garrantzitsuak dira guretzat, baina ez dakit zer esan. Senarrak eta biok beti nahi izan dugu bi lekuetan egon, baina azken urteotako egoerak gure planak atzeratu ditu.

LABURREAN:

  • Paisaia bat: Itziartik Debara autoz jaisten zaudenean itsasoa agertzen denekoa.
  • Usain bat: udako egun bero baten ondoren, euriak lurra bustitzen duenekoa.
  • Zapore edo jaki bat: amaren San Blas opila.
  • Gustuko dut… eguneroko gauza txikiez gozatzea.
  • Ez dut gustuko… hipokrisia eta besteak tontotzat hartzen dituzten handikiak.
  • Amets bat: Euskal Herri inguruan txoko polit bat sortzea familia eta lagunentzat.
Maite Zalduegi, bikotea eta hiru seme-alabekin