Beti bezain arrakastatsu bueltatu da Debako Urte Berriko Azoka

Berriketan 2023ko urt. 9a, 13:58

Larunbateko (urtarrilak 7) haize zakarrak ez zituen kikildu Debako azoka ezagunera gerturatu ziren bisitariak. Askotariko postuak ipini zituzten han-hemenka.

Bi urteren ostean, beti-betiko osagaiekin antolatutako Urte Berriko Azoka ospatu zuten berriro debarrek larunbatean (urtarrilak 7). Eguraldiak askorik lagundu ez bazuen ere, asko izan ziren kalera irten zirenak. Ez bakarrik herritarrak, inguruko bailaretako herrietatik ere jende asko etorri zen. Ohikoa den modura, gainera, Kalez Kale txistulari taldea, trikitilariak, Musika Eskolako dantzariak eta Musika Banda arduratu ziren eguna girotzeaz.

Landa eremuan garatzen den jardueraren erakusleiho handi bihurtu zen berriro Deba. Azoka eremua osatu zuten guneetan sakabanatuta (Foruen Plaza, Plaza Zaharra eta Pasealeku Estalia) 70 postu inguru ipini zituzten, eta horiez gain, ganadu erakusketa ere egin zuten kioskoaren inguruan. Giro ona nagusitu zen gune ezberdinetan, eta 14:30ean postuak jaso zituztenera arte, ekarritako produktuen salmenta egiteko aukera izan zuten ekoizleek.

[ARGAZKI GALERIA, HEMEN ikusgai]

Azokarekin amaitzeko, sari banaketa eta bertako baserriko produktuez osaturiko hiru otarren zozketa egin zuten udaletxe azpiko arkupean. Honakoak izan ziren zozketako zenbaki sarituak: 352, 498 eta 283. Epaimahaiak hartutako erabakiaren arabera, honakoak izan dira aurtengo barazki eta fruta erakusketako eta gazta eta ezti lehiaketako sarituak:

FRUTAK

  • Lehenengo saria (300 euro): Urtza Sarrionandia, Igorreko Iodiberri Goikoa Bekoa baserria.
  • Bigarren saria (250 euro): Igor Lete, Ispasterko Azpiko errota baserria.

BARAZKIAK

  • Lehenengo saria (300 euro): Ezozi Etxeberria, Soraluzeko Arizaga baserria.
  • Bigarren saria (250 euro): Karmen Etxeberria, Bergarako Etxague azpikoa baserria.
  • Hirugarren saria (200 euro), bi saritu egon dira aurten:
    • Igor Lete, Ispasterko Azpiko errota baserria.
    • Jose Lonbide, Ermuako San Pelayo baserria.
  • Laugarren saria (150 euro): Arantxa Zubia, Mallabiako Agerre baserria.
  • Herriko posturik onena (150 euro): Iñaki Beristain, Toki Eder baserria.
  • Posturik onena (150 euro): Ezozi Etxeberria, Soraluzeko Arizaga baserria.

EZTI LEHIAKETA

  • Lehenengo saria (175 euro): 23,9 punturekin, Erlantza Olabarria (Bergara).
  • Bigarren saria (150 euro): 23,7 punturekin, Jose Alberto Eguren (Elgoibar).
  • Hirugarren saria (100 euro): 23,2 punturekin, Julian Villena (Elgoibar).

GAZTA LEHIAKETA

  • Lehenengo saria (350 euro): Elgoibarko Mausitxa baserriko Rosa Mari Salegi.
  • Bigarren saria (300 euro): Ilarduiako (Araba) La Leze baserria.
  • Hirugarren saria (250 euro): Mutrikuko Goienetxe baserriko Beñat Egaña.
_DSC5471