Oporraldian hainbat ekintza egin dituzte herriko nerabeek. Zehaztu dutenez, adin tarte bakoitzarekin irteera bana egin dute. Hain zuzen ere, Usurbilgo zineman, Donostiako Izotz Jauregian, Donostiako Laser Parkean eta Iruñeko Saltingean ibili dira nerabeak. Adinaren arabera antolatutako irteerez gain, bestelako ekintzak ere egin dituzte herrian bertan: nesken pala txapelketa eta bazkaria, esaterako. “Horrez gain, Gaztelekua egunero egon da zabalik, eta askotariko ekintzak eskaini dira: ping-pong txapelketa, bingoa…”.
Bestelako kirol jardueretan parte hartzeko aukera ere izan dute Gaztelekuko nerabeek. Adierazi dutenez, oporraldian Elgoibarren egin den herrien arteko futbol txapelketan parte hartu dute Gaztefutbol taldeko kideek. 16 urtekoek, bestalde, ekintza komunitarioei jarraipena emateko aukera ere eduki dute. Gabonetako tonbolarekin buru-belarri jardun dute Debandank proiektuan murgilduta dauden gazteek eta prozesu hezitzaileen barruan dabiltzan bi talde, gainera, Gabon eskean ibili dira Deban eta Itziarren.
Neguko oporraldiari “zukua atera eta bitamina pila bat hartuta”, urte berria “indartsu” hasiko dutela jakitera eman dute Gaztelekuko lan taldea osatzen duten kideek. Urte berrirako proposamen, ideia eta proiektu berriak dituztela ere esan dute eta, horiek ezagutzeko, bertara joateko gonbidapena luzatu diete udalerriko gazte guztiei.