“Jendeak esandakoaren arabera, oso ondo irten zen kabalgata, polita eta ikusgarria izan zen; badira zoriondu gaituzten batzuk ere. Berrikuntzak gehitzen saiatzen gara urtero, poliki-poliki hobetzen joateko. Azken finean, umeak pozik eta liluratuta ikustea da gure helburua”, nabarmendu dute Errege kabalgata antolatzen duen taldeko kideek.
Errege Magoen desfileaz gain, bigarren urtez, elizako atarian photocall bat eta hiru postontzi ere jarri dituzte, haurrek argazkiak atera eta erregeentzako eskutitzak bertan lagatzeko aukera izan zezaten.
“Lanak izan ditugu boluntarioak aurkitzeko, eta ez da erraza izan hau guztia antolatzea, 4 pertsona bakarrik izanda”, gogorarazi dute antolakuntzako kideek. Nolanahi ere, nabarmendu dute kabalgata aurrera ateratzen lagundu duten guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkietela.
“Boluntario eta laguntzaile guztiei eman nahi dizkiegu eskerrak. Apainketa lanetan aritu zirenei, desfilearen ibilbidean erregeei eta pajeei laguntzen ibili zirenei, errepideko bidegurutzeetan kotxeak zaintzen egon zirenei, material guztia bere lekura eraman zutenei, zirkuko artistei, Haitz-haundi margo elkarteari, Debako Musika Banda eta Udalari… eskerrik asko! Eta, mila esker, noski, Errege Magoei eta haien pajeei, Debako herria bisitatzeagatik eta umeekin hain ondo portatzeagatik”.
Eskerrak emateaz gain, herritar guztiei dei egin diete hurrengo kabalgatan parte hartzera. Bide batez, antolakuntza lanetan murgildu eta egunean bertan ere laguntzera hurbil daitezen gonbidatu dituzte herritarrak.