Iaz egin bezala, aurten ere, Debako Euskarazko Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketako eta Deba 100 hitzetan literatur lehiaketako lan sarituekin osatutako Hitzen bilduma liburukia argitaratu du udalak. Literatur ekimen biak apirilaren 23ko Liburuaren Egunaren testuinguruan antolatu zituzten. “Apirilaren 26an egin zen Luzaro eskolak eta Debako Udalak elkarlanean antolatzen duten Debako Euskarazko Ilustrazio eta Ipuin Lehiaketaren bigarren edizioaren sari banaketa. Eta hil horren 29an egin zen Deba 100 hitzetan lehiaketaren sari banaketa ekitaldia Kultur Elkartean”.
Gilen Garcia alkateak liburukiaren sarreran dioenez, argitalpenean jasotzen diren lanekin “ezin garbiago” erakusten da Deban arte sorkuntzarako dagoen grina eta gaitasuna. “Oraingoan, pentsamenduak, bizipenak eta konpartitu nahi diren horiek hitz edo irudi bihurtuta eskaintzen ditugu”. Herriko agintariak, gainera, liburua irakurtzeko gonbidapena ere egin du, parte hartzaileak zoriontzearekin batera. “Gozatu, hortaz, hainbat herrikidek egindako idatzi zein irudiekin”.