Udal iturriek jakitera eman dutenez, urtarrilaren 9an agertu zen zuloa. “Zuloa nabarmena bada ere, ez du bidearen erabileran arriskurik suposatzen, eta, hortaz, oinezkoen bidea ohi bezala erabil daiteke”. Eusko Jaurlaritzaren Portu Saileko teknikariak eta udal teknikariak zuloaren jatorria zein izan daitekeen ikertzen aritu dira, eta jatorria ibaia bideratzen duen horman dauden irekiguneetan egon daitekeela ondorioztatu dute.
Tokiko erakundeko iturriek gaineratu dutenez, gune berean hainbatetan agertu da zuloa; besteak beste, azken lau hilabetetan hiru aldiz agertu da. 1997az geroztik ere, beste zenbaitetan azaldu dela ere esan dute. Kasu horietan lurrarekin bete izan dute zuloa, baina arazoari behin betiko konponbidea emateko asmoz, bi jarduketa egitea agindu du Jaurlaritzak.
Alde batetik, tamaina ugariko harriz beteko dute zuloa; lanak aste honetan hasiko dituzte. “Horrekin, betelan sendoa egin eta iragazi daitekeen lur bolumena nabarmen murriztea lortuko da”. Bestetik, ibaiko horman identifikatutako emariak hormigoiarekin estaliko dituzte; lan horiek otsailaren amaieran egingo dituzte. “Sarbide horiek zigilatuz, Arrantzale kale azpitik egon daitezkeen ur sarbideak mugatzea lortuko da”.