Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Gazteria Departamentua Treba Gurasoak programaren bigarren edizioa burutzen ari da eta, egitasmoaren baitan, bi hitzaldi antolatu ditu biharko; Zumaian izango da bat, bullying egoerak hizpide hartuta, eta Deban egingo da bestea, haur eta gazteen sexualitateaz mintzatzeko.
Debako saioan, Zer egin dezakegu gure haur eta nerabeek sexualitate aske eta osasuntsu bat izan dezaten? izenburupean, Eider Goiburu prestatzaileak gakoak emango ditu “plazeran, zaintzan eta ongizatean oinarritutako sexualitatea garatzen laguntzeko”. Haur eta nerabeen sexualitatearen ezaugarriei buruzko oinarrizko informazioa emango da tailerrean; aldaketa fisiko, psikologiko edo emozionalak nahiz lagunak, bikotekideak eta praktika sexualak bezalako gaiak jorratuko dituzte.
Gainera, talde-hausnarketak egingo dira familiek beren bizipen, ardura eta baliabideak partekatzeko aukera izan dezaten. Tailerra 18:00etan izango da, Kultur Elkartean, eta euskaraz emango da.
Orientazioa. Foru Aldundiko iturriek azaldu dutenez, “Treba programaren helburua da tresna arin eta eraginkorra izatea lurralde guztian ezagutza garrantzitsuak transmititzeko guraso izateko funtziorako. Guraso orok behar du momenturen batean orientazioa hezkuntza prozesuan bere funtzioak egoki gauzatu ahal izateko”.
Isaac Palencia Gazteriako zuzendariaren hitzetan, “Treba Gurasoak gurasoei zuzendutako prestakuntza proiektua da, helburu duena orientazioa ematea beren seme-alabekin burutzen duten hezkuntza lanerako, hobeak izan daitezen”.