Urteko bigarren mendi irteera bateratua egingo dute otsailaren 12an Debako Burdin Kurutz Mendi Taldeak, Mutrikuko Burumendi Mendizale Elkarteak, Ondarroako Aurrera Mendi Taldeak eta Markina-Xemeingo Artibai Mendigoizale Taldeak elkarlanean. Mendi taldeek zehaztu dutenez, Astigarraga inguratzen duten mendietan zehar ibiliko dira lehendabizi, eta sagardo denboraldiaren hasiera baliatuz, bazkaritan ere batuko dira ondoren.
Astigarragan hasi eta amaituko dute 14 kilometroko eta 305 metroko desnibela duen ibilaldia, eta, bidean, Txoritokietako gotorlekutik (305 metro), San Markoko gotorlekutik (282 metro) eta Santiagomenditik (298 metro) ere igaroko dira mendizaleak. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, zailtasun errazeko ibilaldia izango da, lau ordu inguruan egiteko modukoa.
Behin Astigarragan bueltan, Ipintza sagardotegian batuko dira. Bazkaritarako lekua erreserbatu behar da, eta horregatik, aurrez izena emateko eskatu dute; astelehena (otsailak 6) da horretarako azken eguna. Irteeraren prezioa 50 eurokoa da bazkideentzat, eta 55 eurokoa gainerakoentzat. Prezio horren barruan bazkaria eta garraioa sartzen direla esan dute.
Burdin Kurutz Mendi Taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, igandean egingo dute urtarrilaren 22an egitekoak ziren herriko ikasleen irteera
Irteeran parte hartzeko interesa daukatenek burdinkurutz@gmail.com posta elektronikora idatzita izena eman behar dute. Irteera egunean 08:30ean abiatuko da autobusa Arena taberna aurretik. Bueltatzeko autobusa 17:30ean izango dutela aurreratu dute.
Ikasleei zuzendutako mendi irteera. Burdin Kurutz Mendi Taldekoak, bestalde, urtarrilaren 22an Santa Barbara-Irimo-Santa Barbara irteera egitekoak ziren herriko ikasleekin, baina asteburu horretako eguraldi iragarpena zela eta, atzeratu egin zen irteera. Urtarrilaren 29an ere irteera egiten saiatu ziren, baina eguraldi txarra tarteko, ez zuten egun horretan ere egin. Mendi taldeko arduradunek jakitera eman dutenez, igandean (otsailak 5) egingo dute irteera. “Oraingoan bai! Igande honetan badirudi eguraldiak utziko digula ibilalditxo bat egiten”.
Hori bai, ibilaldia beste toki batera egingo dutela iragarri dute. Hain zuzen ere, Ondarroa-Deba ibilaldia egingo dute igandean. “Goiz pasa egingo dugu”. Txangoan izena eman ez dutenek horretarako aukera izango dutela ere esan dute. “Gaur (otsailak 2) da horretarako azken eguna. Helduek Whatsapp bidez izena emateko aukera izango dute eta ikasleek eskolan bertan izena emateko aukera izango dute”. Autobus zerbitzua ere egongo da irteerara joateko. Autobusa 08:30ean abiatuko da pasealeku estalitik.