Trapu zaharrak soinean eta zartaginak eta lapikoak astinduz, herritar ugari batu zen larunbat (otsailak 11) iluntzean egin zen Kalderoen desfilean. Dozenaka helduk, gaztek eta haurrek parte hartu zuten Agirre jauregiko plazatik abiatu zen ekintzan, eta giro ederra sortu zen herriko kaleetan barrena. Zartagin eta lapiko hotsak nonahi zabalduz, inauteriak iragarri eta garai bateko Hungariako zingaroen etorrera gogora ekarri zuten beste urte batez.
[Ikus HEMEN, argazki galeria zuzenean]
Iragarrita zegoen modura, hiru geldine berezi egin zituzten. Ibilbide horretan, gainera, Musika Bandaren doinuak izan zituzten bidelagun, baita karroak eta hartza ere. Lehen geldialdia Berasaluze plazan egin zuten eta Plaza Zaharrrean bigarrena. Jai giroan, umorez beteriko pregoiak, kaldereroen ohiko abestiak eta erritmoz beteriko dantzak eskaini zituzten bertan batu ziren guztien gozamenerako. Foruen Plazan egin zuten azken geldialdia; bertan eskaini zuten eguneko emanaldi nagusia.