Metro koadro bat Deba ibaiaren alde izenburupean egindako ekintza “ondo” joan zela esan dute Debanaturako ordezkariek, eta esperientziari buruzko balorazio ona eta positiboa egin dute. Elkarteko kideek emandako datuen arabera, hamasei bat lagun batu ziren duela bi aste Hezeguneen Munduko Egunaren harira egindako ekintzan. “7-8 pertsonaz osatutako helduen talde txiki bat etorri zen eta beste horrenbeste ume ere etorri ziren eurekin batera”.
Ekintzan parte hartu zuten boluntarioak kirol portu sarrerako arrapalan elkartu ziren, eta handik Casa Campo inguruetara abiatu ziren. Lehendabizi, paseo gidatu bat egin zuten itsasadarrak eskaintzen duen balio naturala ezagutzera emateko. “Ibilbide horretan paduren bueltan jardun genuen. Bi geldialdi egin genituen, eta horietan, besteak beste, padurek zer garrantzi duten eta biodibertsitateari buruzko hainbat azalpen eman genituen. Aldi berean, inguruetan dauden landare inbaditzaileei buruz jarduteko aukera ere izan genuen”.
Ibilaldiko azken geldialdia Artzabal aldean egin zuten. Bertako hezegunean zer dagoen azaldu ondoren, talde txikietan antolatu eta behatoki inguruko eremu txiki bat garbitzen aritu ziren auzolanean. Ordu erdi inguruan “denetarik” jaso zutela esan dute. “Zabor asko batu genuen. Bertaratu zen jendea, egia esan, harrituta geratu zen hain denbora gutxian batu genuen zabor kopurua ikusita”.
Espazio naturaletik, batez ere, plastikozko botilak eta edari latak jaso zituztela esan dute; eremuan batutako konpresa kopurua ere azpimarratzekoa dela esan dute. “Horrez gain, gurpilen bat edo beste eta futbol zelaiko belar artifizial zatiak ere jaso genituen”. Boluntarioek zaborrez betetako zazpi poltsa bete zituzten, asko, pisu handikoak. “Guztira, 200 kilo inguru batuko genituen. Ostean, karakterizazio bat egin genuen, zaborra bi multzotan banatuz: batean, plastikoak pilatu genituen eta, bestean, errefusa”.
Ekintza amaitzeko, zuhaitz landaketa egin zuten. “Ekintzan parte hartu zuen ume bakoitzak bere zuhaitza landatzeko aukera izan zuen”. Zehaztu dutenez, ibaiertzeko “berezko landaretzaren parte” diren espeziak (lizarrak, haltzak eta zuhaixkak) landatu zituzten.