Oliba-olio birjina estra (olio mota gehienak bost litroka), arroza, pasta, lekaleak eta kontserbak (hamabi ontziko sortetan) eskatu ahal izango dira oraingoan; guztia euskaraz etiketatuta joango da, eta ekoizlearen jatorrizko prezioa izango dute produktuek. Errigoraren webgunea baliatuta (errigora.eus) edo telefonoz deituta (848 87 12 23 zenbakira) egin beharko dira eskaera guztiak.
Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, “euskaratik, euskararako eta euskaraz”. Arduradunek diote gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen diola gorputza ekimenari; “ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek”.
Produktuen dastaketa Deban. Zuhatzaren babesa du Errigorak; hori hala, elkarteko bazkideek produktuak Deban bertan jasotzeko aukera izango dute oraingoan ere. Gainera, kanpainan eskaintzen diren produktuak bertatik bertara ezagutu eta dastatzeko hitzordua ere antolatu du Zuhatzak. Martxoaren 9an izango da, Kultur Elkartean, 18:30ean; aurrez eman behar da izena (688 84 03 08 telefonoan).