Kultur Elkarteko zuzendaritzako taldeko kideek adierazi dute bazkide kopurua bikoiztu egin dela urtebetean; 180 bazkide dira gaur egun. “Pozik gaude lortutakoarekin, baina argi daukagu, era berean, bide hau jorratzen eta herritarren babesa indartzeko helburuz lan egiten segi beharra daukagula”, azpimarratu dute.
Hori hala, proiektuarekin bat egiteko deia egin diete beste behin ere herritarrei. Euren esanetan, bazkide egiten direnek zuzenean parte hartu eta lagundu ahal izango dute “elkartearen erreferentzialtasuna handitzen, etorkizuneko kulturgune proiektuari forma emango dion sarea osatzen eta egun eskuen artean ditugun jardueren irismena handitzen”. Kultur Elkartean antolatzen diren ekitaldietan ez ezik, labur.eus/kulturelkartea estekan ere eman dezakete izena bazkide izan nahi dutenek; 12 euroan eskaintzen dute urteko kuota.
KulturEkin, udalarekin elkarlanean. Iazko dinamikari eutsita, aurten ere hainbat emanaldiz osatutako KulturEkin programazioa prestatu du elkarteak; Mikel Urdangarinen kontzertua izan zen urtarrilean, Meteo ikuskizuna eskaini zuten otsailaren 24an, Xahu taldearen kontzertua eta jam session irekia izango dira martxoaren 31n, eta Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltako ekitaldiak eta Ruper Ordorikaren emanaldia izango dira apirilaren 22an.