Goaz antzerki taldeko kideek esan dutenez, halako lehiaketa batean parte hartuko duten lehendabiziko aldia izango da. Parte hartzeko aukera izatea “oso pozgarria” dela gaineratu dute. “Bertan egoteko aukera izatea sekulakoa da guretzat. Asmorik onenarekin goaz parte hartzera. Egia esan, lehiatze hutsa sari bat dela deritzogu eta horrekin oso pozik gaude”.
Debagoieneko Antzerki Plataformak estreinakoz antolatu duen lehiaketa larunbatean (martxoak 11) jokatuko da Elgetako Espaloia kafe antzokian, eta guztira bost taldek parte hartuko dute. Honako taldeak izango dira Goaz taldearen aurkariak oholtzan: Tolosako Katiuska, Bermeoko Buselektrikue eta Oñatiko DAP helduak antzerki taldeak eta Iker Plazala sortzailea. Lehiaketaren antolatzaileek jakitera emandakoaren arabera, bi saiotan banatuta jokatuko da lehiaketa: goizeko saioa 12:00etatik 14:30era izango da eta arratsaldekoa, berriz, 18:00etatik 20:30era.
Goazekoen antzezlana, hain zuzen, 13:30ean ikusi ahal izango da. Antzerkizale eta herritar guztiak lehiaketa ikustera gonbidatu dituzte taldekideek; bertaratzeko interesa dutenek honako lotura honetan eskuratu ahal izango dituzte sarrerak.
Zehaztu dutenez, “inprobisasio bidez” eurek sortutako eta 2022ko Antzerki Astean estreinatutako Bilakatu antzezlanarekin parte hartuko dute lehiaketan; Erika Olaizola zuzendariaren esanetan, Josu Iriondo, Amaia Arotzena, Joseba Eskudero, Mattin Urbieta, Nekane Goikoetxea, Irati Baroja eta Pil Litago aktore amateurrak izango dira oholtza gainean.
Lehiaketan parte hartuko duten antzezlanen ORDUTEGIA:
- 12:00. Tolosako Katiuska antzerki taldea, Armiarma antzezlanarekin.
- 13:30. Goaz antzerki taldea, Bilakatu antzezlanarekin.
- 18:00. Bermeoko Buselektrikue antzerkia taldea, Añenak publikoari antzezlanarekin.
- 19:20. Oñatiko DAP helduak taldea, Ez, ez naiz akordaitten antzezlanarekin.
- 19:55. Iker Plazala sortzailearen, Agur dramak bakarrizketa. Saioa 19:55ean izango da.
- 22:00. Sari banaketa ekitaldia.