Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateak antolatutako IX. Clinical Case Competition lehiaketaren finala ospatu dute duela gutxi Madrilgo Campusean, eta bertan Elgoibar BHIko Batxilergoko 2. mailako hiru ikasle saritu dituzte. Lucia Madina Arrillaga eta Janire Prieto Arribas debarrek eta Ihintza Gonzalez Moreno elgoibartarrak osatutako Elgodebarrak taldeak, hain zuzen, bigarren saria eskuratu du.
Antolakuntzak emandako datuen arabera, Espainiar estatuko 41 hiritatik etorritako 200 ikaslek parte hartu dute lehiaketan. Guztira, 58 talde aurkeztu dira, eta finalera ailegatu diren hamar taldeen artean egotea eta sari bat eskuratzea “pozgarria” izan dela azpimarratu dute Elgoibar BHIko iturriek. “Lehiaketa honetara aurkeztu garen lehen aldia izan da; halako emaitza lortu ondoren oso pozik gaude. Biologiako irakasgaian proposatu gehien lehiaketan parte hartzeko aukera eta taldea, egia esan, seriotasun osoarekin aritu dira lanean; sekulako ahalegina egin dute proiektuaren hasieratik”.
Osasungintzako unibertsitate ikasketak egiteko asmoa duten Batxilergoko bigarren mailako ikasleei zuzenduta dago Clinical Case Competition lehiaketa aitzindaria, eta bertan parte hartzen duten ikasleei “lehen mailako unibertsitate esperientzia bat eskaintzea” da helburua. Benetako kasu kliniko batetik abiatuta, pazientearentzako diagnostikorik eta tratamendurik egokiena ezarri beharra daukate, hain zuzen, bertan parte hartzen dutenek.
Antolakuntzak erabakitzen du talde bakoitzak zein kasu kliniko aztertu behar duen. Talde bakoitzari ustezko paziente baten sintomatologia proposatzen diete, eta horri erantzunik egokiena bilatzea da ariketaren helburua. “Gure ikasleak gogor saiatu ziren, eta berehala asmatu zuten zein izan ahal zen diagnostiko zuzena”, gaineratu dute institutuko iturriek. Ikasleek bideo baten bitartez parte hartu dute lehiaketan baina, finalean, Medikuntza Fakultateko ikasle ohiek osatutako epaimahai baten aurrean defendatu behar izan zuten beren lana. “Oso ondo aritu ziren finalean”.