Entrenatzaile debarrak aurreko astean hartu zuen Real Unionen gizonezkoen lehen taldearen gidaritza, klubeko administrazio kontseiluak David Movilla kargugabetu ondoren. Goikoetxea, zehazki, denboraldi honetan kargu hori hartu duen hirugarren prestatzailea da; aurretik, izan ere, Aitor Zulaika eta kargutik kendu berri duten David Movilla egon ziren Stadium Galeko aulkian.
Irungo taldea bolada txarra igarotzen ari da, eta mailari eustea izango da debarraren eta berarekin batera lantalde teknikoa osatuko duten Ricardo Costaren, Ibon Zoiloren eta Ivan Curielen egiteko nagusia. Talde txuri-beltza jaitsiera postuetan dago egun, eta salbazio postuetatik gertu badaude ere, beheko postuetatik burua atera ezinda jarraitzen dute. Debarrak adierazitakoaren arabera, erronka berriari aurre egiteko “gogoz” dago. “Erronka gogorra da aurretik duguna, baina gogotsu eta lasai gaude” esan zuen aurkezpenean.
Martxoaren 15ean aurkeztu zuen taldeak eta asteburuan Bartzelona B-ren aurkako partida zuzentzeko aukera ere izan du. 0-1 galdu zuten azken minutuan, baina egoera “larritik” atera eta helburua betetzeko beste hamar jardunaldi geratzen zaizkio entrenatzaile debarrari.
Jokalari profesional bezala urte luzeko ibilbidea osatu ondoren, entrenatzaile hasi zen
Real Union, ondo baino hobeto ezagutzen duen taldea. Irungo taldea aspalditik ezagutzen du entrenatzaile debarrak. Jokalari modura, taldearen garairik “loriatsuenaren” lekuko izan zen. Bigarren Mailara igotzeko denboraldia bizi izan zuen 2008-2009 denboraldian. 18 golekin, denboraldi hartako golegile nagusia izan zen; tartean, Errege Kopako joaneko partidan Real Madrilen aurka irabazteko balio izan zuen gola ere sartu zuen.
2009-2010 denboraldian, gainera, Bigarren Mailan debutatzeko aukera ere izan zuen. Teknikari gisa 2022 udan bueltatu zen Irungo taldera, klubaren analisi saila indartzeko. Eta lehen taldearen ardura ere hartu zuen jardunaldi batez, klubak Aitor Zulaika kargutik kendu zutenean.
Goikoetxearen ibilbidea. 2016-2017 denboraldian erretiratu zenera arte, besteak beste, Amaikak Bat, Ondarroako Aurrera, Baskonia, Bilbao Athletic, Barakaldo, Lemona, Real Union, Badalona, Amorebieta eta Baionako Aviron taldeetan aritu zen aurrelari modura.
Profesional bezala urte luzeko ibilbidea osatu ondoren, entrenatzaile hasi zen. Hainbat talde entrenatu ditu: 2015 eta 2018 artean Real Unioneko bigarren entrenatzailea izan zen, eta 2018ko uztailean, Gonzalo Arconadararen agindupean, Realeko lantalde teknikoan sartu zen. Bertan, hiru denboraldiz aritu zen eta taldea, besteak beste, Erreginaren Kopako txapeldun izendatu zen Granadan. Dominikar Errepublikako futbol selekzioaren bigarren entrenatzaile modura ere aritu zen. 2022ko otsailaren 24an fitxatu zuten eta urte bereko ekainera arte egin zuen han lan.