Estuarioan hasi eta Sasiolako begiratokira doan zirkuituak itsasertza, ibaia, karst pinakularrak eta estuarioa zein garrantzitsuak diren erakusten du, “Debako paisaiari bere balioa emanez”. Sustatzaileen esanetan, bailaran duela 200.000 eta 15.000 urte bitartean bizi izan ziren gizaki, animalia eta horien arteko harremanak nolakoak ziren ezagutzera ematen dira bertan. “Paleolitoko gizakiaren bizi baldintzak eta baliabideak ezagutuko ditugu, gure geografian eman diren klima aldaketak utzi diguten arrastoak aztertuz. Geologia, klima aldaketak, basoak eta gizakien sorkuntzak zein animalien arrastoak aztertuz, paisaiaren eraldaketa, eta berarekin batera, gizakiaren garapenaz jabetuko gara”.
Ibilbide guztian han-hemenka jarri dituzten panel, informazio mahai eta aztarnen erreplikei esker, bisitariek garai hartako paisaia, basoa, itsas mailaren aldaketa, fauna eta gizakia nolakoak ziren hobeto ezagutzeko aukera izango dutela gaineratu dute sustatzaileek. “Helburu nagusia da Deba bailarako ondare arkeologikoaren garrantzia agerian uztea eta, aldi berean, historiaurrearen inguruan ikerketa, kontserbazioa eta hezkuntza bultzatzea”.
Egitasmoaren bolumena eta aurrekontua kontutan izanda, gainera, proiektua faseka egitea aurreikusi dute; aurkeztu berri duten ibilbidea, hain zuzen, proiektuaren lehen fasean kokatzen da. “Ez dago oraindik erabat osatuta, baina lehen esku hartze honekin estuarioan hasi eta Sasiolako begiratokira doan bidea aire libreko museo bihurtu dugu”.
Ibilbidea Deban kokatzearen arrazoi nagusia zein den jakitera ere eman dute. “Kantauri isurialdeko aztarnategi handienak daude ingurune honetan, hogei bat, eta Deba da erdigunea. Hortaz, datu asko ditugu aztertzeko. Eboluzioa irakurtzeko aukera ematen digu. Oso aukera ona da leku bakar batean historiaurrea ezagutzeko”, adierazi du Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak.
Aurkeztu berri duten proiektuarekin Debaren “ondarearen garrantzia aitortzen” dela eta, aldi berean, Geoparkeak egiten duen lana eta eskaintza “indartu” egiten direla nabarmendu du Gilen Garcia Debako alkateak. “Herritarrei beraien historiaurrea hobeto ezagutzeko aukera emango dien kultura eta turismo produktu erakargarri bat izateko jaio da HAB. Azken finean, Debako herria historiaurrearen ezagutzan eta interpretazioan erreferente bat bihurtzea da helburua”. Alkateak gogorarazi duenez, gainera, “lan egiteko modu berri eta berritzailea ekarri duen” Dagigun partaidetza prozesuaren abiapuntu ere bada proiektua.
Proiektuak Geoparkearen eskaintza zabaldu egiten duela dio Leire Barriuso Euskal Kostaldeko Geoparkeko gerenteak ere. “Geoparkea bereziki Flysch-arekin lotu izan da, baina hori baino gehiago da, eta proiektu honek hori erakusten du. Kulturarekin eta hizkuntzarekin lotutako zabalkundea egiten da proiektu honekin”.
Zuzendaritza zientifikoaren aholkupean landu dute proiektua. Zehaztu dutenez, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver, EHUko Jose Antonio Mugika arkeologoa eta Asier Gomez paleontologoa, Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkearen zuzendari zientifikoa, Gordailua eta Bizkaiko Arkeologi Museoa ere bidelagun izan ditu.
Erakunde askoren elkarlanaren emaitza da HAB, besteak beste, honakoena: Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Saila, Debegesa, Mutrikuko Udala, Uraren Euskal Agentzia, Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza eta Euskadiko Kirol Portuena. Beste administrazio batzuen laguntzari esker, 380.000 euroko inbertsioa egin du Debako Udalak. Jaurlaritzak, esaterako, 45.700 euro bideratu ditu Itsaspen Programatik eta beste 91.600 euro, Kultura Sailetik.
Ibilbidean zehar sortu diren hainbat guneetako lur jabeek izan duten borondate ona eta beraien lurrak erabiltzeko aukera ere eskertu dute proiektuaren sustatzaileek. Honakoena, besteak beste: Goikoetxea eta Istiña baserriko jabeak eta Inmaculada Boneta.