Aste Santua gerturatu ahala, urteko lehen kontzertua eman ohi du Debako Musika Bandak eta, aurten, apirilaren 1erako iragarri du emanaldia. Nolanahi ere, hitzordu berezia izango da larunbatekoa, emanaldiaren ondoren “herritarrekin batera” bazkaria eta dantzaldia egingo baitute musikariek Itziarko Bikain jatetxean.
Bazkaria 15:00etan izango da eta autobusa 14:30ean irtengo da autobus geltokitik. Txartelak salgai daude 30 euroan Burugorri ostatuan, Debako Turismo bulegoan, eta Igarza eta Mazzantini tabernetan.
Esker onez. Musikariek azaldu dutenez, bandako bazkideei eskerrak emateko baliatzen dute kontzertua. Gaur egun, 300 bazkide inguru ditu Debako Musika Bandak, eta herritar horien laguntza edo ekarpen ekonomikoarekiko esker oneko azaldu dira musikariak. Era berean, nabarmendu dute “asko estimatzen” dutela emanaldiz emanaldi alboan izaten dituzten entzule guzti-guztien babesa ere.
Aurrera begira, bandak bazkide kanpainarekin jarraituko du, herritar gehiagoren babesa lortu asmoz. Interesdunek kontzertuetan izango dute bazkide egiteko aukera, baita Interneten ere, bandaren sare sozialen bitartez edo hemen klikatuta, esate baterako.
Helduen urteko kuota 12 euroan eskaintzen dute, 12 urtetik beherakoena 6 euroan, eta familiarra (hiru kide baino gehiagorena) 30 euroan; afariak, saskiak edo emanaldietarako sarrerak zozkatu ohi dituzte bazkideen artean.