Tokiko erakundearen asmoa da kaltebera den ondare geologikoa berreskuratzea eta gero jendaurrean jartzea. Azaldu dutenez, kanpotik ekar daitezkeenekin erakusketa iraunkor bat osatu nahi dute, “herritarrek eta bisitariek ikusteko moduan egon dadin”. Gaineratu dute eskuratu berri dituzten 100 pieza horietako batzuk nazioarteko elkartrukerako programa batean sartuko dituztela, gero atzerrian ere ikusgai egoteko.
Zer dira septariak? Kanpo morfologia esferikoko edo mineralez betetako eta barne hausturaz obalatutako noduluak dira. Gaineratu dute septarien kanpoko itxurak ez duela adierazpen berezirik ematen gordetzen barne haustura bereziari buruz. “Nodulu horiek haustura erradialen edota zentrokideen sare bitxia garatzen dute, ertz angelutsuekin eta punta zorrotzetan bukatuta, funtsean kaltzitaz beteta, nahiz eta batzuetan baritina- eta pirita kristal txikiak ere izan. Kaltzitak kolore zuria ematen die hausturei, noduluaren material buztintsuaren beltz matearen gainean nabarmentzen baitira”.
Depako septariak, hain zuzen, Lapariko hondartzaren ekialdean daude. “Nodulu oso bereziak dituen filamentu bat da. Hariak 15 metroko potentzia izan dezake, baina ez da bereizten Debako hondartzako flysch beltzaren eraketa tupatsutik”. Neurriari dagokionez, 5 eta 25 zentrimetro bitarteko diametroa izaten dute, baina handiagoak ere badaudela ere esan dute. “Batzuetan, metro erdia baino gehiagoko diametro bereziak gara ditzakete”.
Beren edertasun bereziagatik, “balio komertzial handiko” ondare bihurtu dira. “Debako septariak oso ondo ezagutzen dira mineralogian, eta Espainiako leku askotako mineralen bildumagileek eta merkatariek asko estimatzen dituzte”. Debako septariak naziortean ere nabarmentzen direla gaineratu dute, duten “edertasunagatik eta haustura dotoreengatik“.