KOLABORAZIOA

Joxemari Altzibarren kolaborazioa: ‘Gure herriko memoriaren zati txiki bat’

Berriketan 2023ko api. 7a, 13:40

2022ko urriaren 2an, Bustiñaga baserriaren aurrealdeko zelai barrenean, 1936ko irailaren 23an eraildako milizianoen gorpuzkiak desobiratu zituzten Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek. Hona hemen gertakizun haren harira Joxemari Altzibarrek idatzitako kolaborazio artikulua.

Eskuen artean ditugun datuen arabera, erailketaren bezperan Itziarren errekete nafar eta armada frankistako errebeldeen aurka kemenez eta adorez borrokatu ziren milizianoetako bat zen bere izena eta bizia galdu zituen mutil gaztea; Latorre teniente koronelaren gidaritzapeko Columna Tutor indar faxistari aurre egin zieten CNTko borrokalarietako bat, hain zuzen ere. CNTko Batallón Bakunin nº1-eko partaidea omen zen, gazte anarkista bizkaitarrez osaturiko taldekoa.

Gipuzkoako kostaldea bereganatzen ari ziren erreketeak eta armada faxista geldiaraztera etorria zen gaztea. Izan ere, Itziarko gainean milizianoak tinko mantendu ziren frankisten erasoen aurrean. Borroka gogorrak izan ziren. Garaiko iruzkin militarrek diotenez, Itziartik Debaruntz erretiratzen ari ziren indar errepublikarrak; batzuk errepidetik beherantz, beste batzuk Itxaspe aldera eta beste batzuk, berriz, Arriola ingurura.

Eraildako zazpi miliano, Itxaspe eta Deba artean. Itxaspetik Debara bitartean eraildako zazpi miliziano zenbatzen ditu CNTk, Itxuspuru aldean, Itxasperen magalean, Ama Birjinaren bistan eta Bustiñagan aurkitutakoak kontuan hartuz.

“Garaiko testigantzen arabera, Itziarren edo Deban zauritu ondoren ihesi zihoan desobiratutakoa”

Irailaren 21 hartan, Itziarko errepidetik, San Roketik eta Arriolatik tirokatzen zituzten erretiradan zihoazenak eta artilleria eta tiro zaparradapean ozta-ozta pasa zuten zubia. Faxistak gelditu asmoz zubia lehertu nahi izan zuten, baina ez zuten lortu. Haietako batzuek Mutrikuko bidea hartu zuten eta beste batzuek, berriz, mendian gora egin zuten Bustiñaga ingurura.

Garaiko testigantzen arabera, Itziarren edo Deban zauritu ondoren ihesi zihoan desobiratutakoa. Bustiñaga eta Txokorrekoek hilda aurkitu zutenean, hilerrian ehorztea eskatu zieten Debaz jabetu ziren agintari berriei. Haien ezezkoaren ondoren orain aurkitutako zelai magalean lur eman zioten.

Oraindik izenik ez duen gazte milizianoaren gorpuzkiak poliki-poliki lurrez garbitzen zituzten unearen lekuko izan ginen. Momentu hartan gutako zenbaitek sentimendu kontrajarriak izan genituen: batetik, soro batean zetzan errepublikaren alde eta faxisten aurka bere bizia eman zuen gazte bizkaitar iraultzailearen gorpua etxera eta familiarengana bidean zen eta horrek tristura eta amorrua sentiarazi zigun; bestetik, lasaitasuna eta poza eman zigun 1936ko irailaren 23an lurperatutako miliziano baten gorpua bertan zegoen susmoa egiaztatzeak.

Hau ere gure memoria osoaren zati xume bat delakoan, eta egiari zor zaiolako, oraindik ere izenik ez duen CNTko milizianoari: Agur eta ohore, que la tierra te sea leve (CNTko milizianoen esaldia).