Munduko herrialde askotan pairatzen ari diren krisi klimatiko eta ekonomiko latzen ondorioz edota herritalde horietan dauden gatazka armatuen eraginez, gora egin du azken urteotan munduan laguntza humanitarioa behar duten herritarren kopuruak. Behar horri erantzun eta euren herrialdeetan “hobeto” bizi nahi dutenei laguntzeko nahiarekin jaio zen duela bederatzi urte Kooperazio Taldea. Ordutik, hainbat elkartasun proiektutan parte hartzeko aukera izan dute.
Herriko emakume talde batek borondatez antolatzen zuen elkartasun denda izan zen guztiaren hazia. Denda urtean behin jartzen zen, eta halako elkartasun ekintzei gainontzeko hilabeteetan ere jarraipena emateko helburuarekin jaio zen, hain zuzen, taldea. “Denda itxi ondoren egin genuen batzarrean kooperazio talde bat sortzera animatu gintuen Patxi Aizpitarte herriko apaizak. Gabonetako dendaz gain, urte osoan bestelako ekintzarik ez egitea pena zela esan zigun”, adierazi dute taldekideek. Esan eta egin. Aizpitartek jotako enbidoari heldu, eta elkartasun dendaren ardura zeramatenen lekukoa hartuta sortu zuten talde berria. “Patxik amua bota zigun eta, gure artean eztabaidatu ondoren, hark proposatutako ideia ona zela iruditu zitzaigun”, gaineratu dute.
Gaur-gaurkoz, 11 lagunez osaturik dago taldea eta, beharrezkoa den guztietan, musutruk kooperatzeko prest dauden beste hogei bat kolaboratzaileren laguntza ere jasotzen dute. “Talde soil bat izan ordez, ekipo izaera dugula esan ohi dugu. Eta hala da. Talde titularra osatzen dugun hamaikakoaz gain, beti laguntzeko prest dagoen boluntario sare sendo baten laguntza jasotzea pozgarria da”.
11 lagunek osatzen dute taldea. Beharraren arabera, beste hogei bat kolaboratzaileren laguntza ere badute
Muturreko egoeran daudenei laguntzen. Taldea sortu eta berehala, 2014ko urtarrilean, hasi ziren ekinean: Kolorea eta goxotasuna izan zen abian jarri zuten lehen proiektua. “Gutariko askok hari-lanak, puntua eta antzeko lanak egiten dakigula kontuan hartuta, elkartasun mantak egiteko proiektu bat abiaraztea bururatu zitzaigun”.
Manten diseinua 20×20 zentimetroko laukiak josita osatuko zutela zehaztu ondoren, taldekideak eta hari-lanak egiten arituak ziren beste hainbat kolaboratzaile buru-belarri hasi ziren lanean, baina helburua lortzeko bidean lehen zailtasunarekin egin zuten laster topo: eskura zuten artile apurra ez zela nahikoa konturatu ziren. “Artile asko behar genuen eta, kopuru handi hura gure kabuz erostea ezinezkoa zenez, laguntza eske hastea erabaki genuen. Hainbat tokitara deitzen aritu ginen eta, horrela, lehen sorta egiteko behar genuen material guztia doan lortu genuen. Jendea oso eskuzabala izan da. Orain arte, egia esan, sektoreko enpresa, denda eta norbanako askok lagundu digute”.
30 mantaz osaturiko lehen sorta prestatu ondoren, haiek nora bideratu erabakitzea izan zen taldearen hurrengo erronka. “Erabaki hori hartzeko orduan ere Patxi izan genuen bidelagun. Hainbat elkartasun proiektutan ibilia da eta, duen esperientziari esker, proiektu eta errealitate asko ezagutzen ditu; Gipuzkoako Caritasekin hitz egitea gomendatu zigun”. 2015eko urtarrilean, Donostiako Aterpe etxegabeen zentroan banatu zuten lehen sorta hura eta, orduz geroztik, urtero, hutsik egin gabe, Gipuzkoako Caritasen beste hainbat proiektutan laguntzeko aukera ere izan dute. “Mantei esker, pobrezia egoeran edo bazterketa sozialeko arriskuan daudenei laguntzeko aukera paregabea izan dugu eta, aldi berean, Caritasek laguntzen dituen proiektuak hurbilagotik ezagutu ahal izan ditugu”.
Jarduna hasi zuten hilabete beretik, gainera, Maliko Togo eskualdean dagoen Saint Paul eskolari laguntzen ere aritu dira. “Urtero proiektu bat garatu dugu eta horietako bakoitza, bere osotasunean, Debako Udalaren ekarpenari esker gauzatu ahal izan dugu”.
Udalaren ekarpenaz gain, urtero antolatzen dituzten denda eta azokak dira taldearen diru iturri nagusiak
Ilusio berriak pizten. Malin aurrera eramandako lehen proiektua ur edangarria jasotzeko ur-depositu bat eraikitzea izan zen. Ondorengo urteetan ere beste hainbat egitasmotan murgilduta ibili dira: besteak beste, komunak, dutxak eta ikasgela berriak eraiki dituzte, baita irakasleak bizi diren etxeak berritu ere. Eskolara joaten diren ume eta gazteei, gainera, hezkuntza eta elikagaiak bermatzeko beharrezkoak diren bitartekoak ematen saiatu dira. “Aldiro-aldiro, ikasten jarraitu ahal izateko bekak banatzen dizkiegu, baita jantokirako bekak ere, ondo elikatuta egon daitezen”.
Urtero antolatzen dituzten elkartasun denda eta azokak dira taldearen diru iturri nagusiak, eta nahikoa baliabide ekonomiko dutenetan, gainera, bestelako proiektu batzuetan ere laguntzen dute. Keniako Kaikor elkartea izan da, esaterako, diruz lagundu dutenetako bat. “Hango eskolako proiekturen bat bultzatzeko diru pixka bat bideratzen dugu urtero, bertan ezagutzen dugun boluntario baten bitartez”. Debatik bidalitako diruarekin, gainera, larrialdietan erabiltzeko furgoneta bat ere erosi ahal izan dute herritarrek. “Furgoneta, batez ere, jendea ospitalera eramateko baliatzen dute”.
2019az geroztik, Ukrainan, Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako eremuan dagoen Orane herriko eskolara ere bideratzen dute laguntza. “Bidaltzen dugun diru apurrarekin, bereziki, eskolako jolasorduan banatzeko fruta, esnea eta galletak erosten dituzte”. Ahal duten guztietan, gainera, beste elkarte batzuekin ere kolaboratu izan dute. “Premia dutenei eskura ditugun baliabide guztiekin erantzuten saiatzen gara”. Besteak beste, Ekuador, Senegal, Haiti, Peru, Filipinak edo Mexikora ere bidali izan dute laguntza.
Taldekideen iritziz, lagun hurkoari laguntzeko egiten duten guztia “ekintza txikiak” besterik ez dira. “Proiektu bakoitzaren ardura dutenekin sarri mantentzen dugun komunikazioari esker, laguntzen ditugun herritarren errealitatea gertutik ezagutzeko aukera dugu. Guretzako oso pozgarria da bidaltzen dugun dirua bere fruitua ematen ari dela ikustea. Hala ere, jakitun gara ematen diegun laguntza txikiak ez diela bizitza guztiz konponduko, baina pairatu behar izaten duten muturreko egoerari aurre egiten lagundu diezaieke”.
Debako parrokiaren babespean aritzen badira ere, azaldu dute taldeko kide izateko ez dela beharrezkoa elizarekin zerikusirik izatea
Taldera gerturatzeko gonbidapena. Sustatzen dituzten elkartasun proiektuetan laguntzen jarraitu ahal izateko, baina, jende konprometitu gehiagoren beharra dutela aipatu dute; taldearen ateak zabalik daude nahi duenarentzat. “Laguntzeko prest dauden guztiak beso zabalik hartuko ditugu. Nahikoa da gutako batengana hurbildu eta zertan laguntzeko prest dagoen esatea. Antolatzen ditugun ekintzetan parte hartzera ere etortzen dira batzuk eta, egia esan, horien noizbehinkako inplikazioa ere benetan eskertzekoa da”.
Parrokiak Ifar kalean duen bulegoetako batean batzen dira. “Ostegunetan elkartzen gara. Jarrita ditugun helburuen arabera, maiztasun handiagoarekin edo txikiagoarekin biltzen gara”. Debako parrokiaren babespean aritzen badira ere, azaldu dute taldeko kide izateko ez dela beharrezkoa elizarekin zerikusirik izatea. “Taldean jende oso fededuna daukagu, baina baita elizara joaten ez dena ere. Gure helburua jendeari laguntzea da, norberak fedearen aurrean izan dezakeen ikuspegia errespetatuz”.