Errelebo bila dabiltza azken urteotan Umeen Eguna antolatu duten herritarrak

Berriketan 2023ko api. 17a, 10:39

Iaz bete zen Umeen Eguna lehenbizikoz ospatu zeneko 70. urtemuga, baina ospakizunak aurrera egin dezan antolakuntza lanetan lekukoa hartuko duen jendearen bila dabiltzala ohartarazi dute.

Abuztuaren 15ean ospatu ohi den Umeen Eguna antolatzeko prest dagoen jendea behar dela nabarmendu dute azken urteotan lan horretaz arduratu direnek. Herritarren babesa eskatu dute San Roke jaien egitarauaren baitan hainbeste jende biltzen duen jai egunak aurrera egin dezan.

Antolakuntza lanetan aritu direnei lekukoa hartu eta egitasmoari bultzada ematen jarraituko dutenen beharra dutela gaineratu dute. “70 urtez auzolanaren eta herriko boluntarioen lanari esker ospatu eta gozatu ahal izan dugu Umeen Eguna. Baina beste hainbeste urtez jarraitu ahal izateko ordezkoak behar ditugu. Guztion esku dago aurrera jarraitzea”.

Egitaraua lantzen hasteko garaia iritsi da eta “laguntzeko gogoz eta prest” dauden guztiak ongi etorriak izango direla gogorarazi dute. Bakoitzak bere alea jar dezan, harremanetarako helbide elektroniko bat ere jarri dute; lan hori betetzeko prest daudenei debakoumeeneguna@gmail.com helbidera idazteko eskatu diete, apirilaren 30a baino lehen.