Osakidetzak kanpaina bat abiatu du herritarrek osasun arreta zein hizkuntzatan jaso nahi duten adierazteko. Horren arabera, herritarrek hautatzen duten hizkuntzan izango dute harremana osasungintzako profesionalekin. “Aukeratzen duten hizkuntzan jasoko dituzte gutunak, oharrak eta antzeko jakinarazpenak ere”. Honako estekan klikatuta egin daiteke eskaera.
Eusko Jaurlaritzak azaldu duenez, Osakidetzak abiarazitako kanpainarekin “asistentzia maila desberdinetan behar diren osasun zerbitzuen euskarazko eskaintza integrala artikulatu ahal izatea” da kanpainaren helburua, batez ere Lehen Mailako Arretan, Arreta Espezializatuan eta Osasun Mentalean. “Euskara lehentasunezko hizkuntza gisa aukeratzen duten herritarren kasuan, asistentzia aplikazioetako paziente erregistroan zein bestelako identifikazio elementuetan, E hizkia duen ikur urdina agertuko da, Osakidetzarekiko harremanean euskara erabiltzea hautatu dela adieraziz”.
Deban, esaterako, 681 herritarrek ez dute Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik eta, batez ere, horiei dei egin die UEMAk, osasun arreta euskara eska dezaten eskatuz
Osakidetzako erabiltzaileen %77 inguruk adierazi du zein hizkuntzan jaso nahi duen osasun arreta. “Horietatik %19k adierazi du euskaraz jaso nahi duela”. UEMAko kide diren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerrien kasuan, berriz, euskarazko arreta eskatu duten herritarren kopurua hiru aldiz handiagoa da: %60,3 zehazki.
Deban, esaterako, udalerriko osasun etxeak 5.596 erabiltzaile ditu guztira, eta horietatik %87,8k dute hizkuntza aukeratuta; kopuru horretatik, %60,1k dute osasun arreta eta komunikazioa euskaraz izatea eskatuta. 681 herritarrek, baina, ez dute Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu oraindik eta, batez ere, horiei dei egin die UEMAk, osasun arreta euskaraz eska dezaten eskatuz. “Oso garrantzitsua da osasun arretaren hizkuntzaren hautua egitea, eta euskara hautatzea, Osakidetzak horren arabera aukeratzen dituela herrietako osasun etxeetako medikuen kupoak. Horregatik, Osakidetzarekin aritzeko hizkuntza hautatu gabe dutenak hori egitera eta euskara hautatzera animatu nahi ditugu”.
UEMAk argi du osasun zerbitzua euskaraz jasotzea herritarren eskubidea dela eta, beraz, erakunde publikoen betebeharra. “Horretarako, ahalik eta herritar gehienek osasun arretan ere euskara hautatzea beharrezkoa da oraindik, administrazioa euskalduntzeko lanean urratsak egiten segi dezagun, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu arte”.