Areatza izan da jaialdiaren epizentroa Gourmet Txokoa deritzon espazioarekin eta herri-kirolen erakustaldiekin. Bertan, 1.500 metro karratu baino gehiagoko karpa batek Euskal Herriko hamar eskualde turistikori eman die aterpe, eta Geoparkea izan da horietako bat. Bakoitzak bere kultur eta turismo eskaintzaren berri eman du bertan, informazio-standekin, tokiko produktuen dastaketekin eta sukaldaritza-tailerrekin.
Halaber, eskaintza turistikoen berri izateaz gain, jaialdira bertaratu den publikoak askotariko ikuskizunez (musika, dantza, antzerkia, kirol erakustaldiak…) gozatzeko aukera ere izan du.
Geoparkeko kideen esanetan, “Debako, Mutrikuko eta Zumaiako erakargarri turistikoak ezagutzera ematea izan da” jaialdian parte hartzeko helburu nagusia, eta urte osoan eskaintzen dituzten esperientzia eta bisita gidatuen berri eman dute bertan: flyscha uretatik ikusteko itsas-ibilaldiak, barnealdeko bailara ezkutuak ezagutzeko ibilbideak, familiartean egiteko proposamenak…
Guztira, Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko 18 bisita gidatu daude aukeran gaur egun, norbere kabuz egiteko moduko ibilbide geologikoak ahaztu gabe. Horien guztien berri eman du, bada, Bilboko jaialdian eta bisita gidatuak egiteko sarrerak ere zozkatu ditu bere erakusmahaira hurbildu diren bisitarien artean.