Parkean dauden hainbat elementuei buruz ari dira egiten lanketa. Hala nola, jolas gunea, eserlekuen kokapena, argiztapena, zoruaren drainatzea… “Asmoa da uda parterako prozesua amaituta egotea”. Udal iturriek jakitera eman dutenez, ikasleekin egingo dituzte saio batzuk, eta herritar guztiei zabaldutakoa izango da bestea. Zehaztu dutenez, gaur (apirilak 25) egingo dute herritarrei zuzendutako saio irekia. 18:30ean ipini dute hitzordua, udaletxeko osoko bilkuren aretoan.
Ikasleekin, ordea, gaur goizean eta eguerdian egingo dituzte saioak. HH4 eta HH5eko ikasleekin, esaterako, goizean egingo dute partaidetza saioa parkean bertan. LHkoekin, berriz, eguerdian batuko dira. LHko ikasleen kasuan, maila bakoitzeko ordezkariekin batuko direla esan dute. LH1 eta LH2 mailen kasuan, bina ordezkari hautatu dituzte, eta LH3tik LH6ra bitartean, berriz, ordezkari bana. “Lanketa horiekin egingo da, haiek, ondoren, ikaskideekin landu dezaten”.
Zumardiko jolas parkea birpentsatzeko partaidetza saioen ideia 2021ean udazkenean egindako Dagigun partaidetza gunearen baitan egindako prozesuan sortu zela gaineratu dute udal iturriek. Prozesu hartan, hain zuzen, Calbeton Zumardiko gune ezberdinei buruzko gogoeta egin ahal izan zuten herritarrek. “Horietako bat Zumardiko jolas parkea izan zen, eta ekarpen interesgarriak jaso ziren zenbait herritarren aldetik. Hobekuntza proposamenak jaso zirela ikusita, gune horri buruzko lanketa berezia egin nahi izan du udal gobernuak”.
Hiritik At elkarteko hezitzaileekin ari dira gauzatzen prozesua, eta indar berezia egin dute erabiltzaile zuzenek, haurrek, alegia, prozesu guztian parte har dezaten. “LHko ikasleek, orain arte, galdetegi bat osatu dute. Bertan azaldu dituzte zein gauza dituzten gustukoen, zeintzuk ez zaizkien gustatzen, zer moldatuko luketen Zumardiko jolas parkean eta horren ingurunean”.