Cardenas Fundazioak eta Debako Udalak elkarlanean antolatzen duten Deba 100 hitzetan literatur lehiaketaren sariak ostiralean (apirilak 21) banatu zituzten Liburuaren Nazioarteko Egunaren bueltan antolatutako ekintzen barruan, eta aurten VII. ediziora aurkeztu diren lan guztien artean onenak Iñigo Legorburu Arregi hernaniarraren eta Rafa Bravo Arrizabalaga debarraren lanak izan direla erabaki du epaimahaiak.
Legorburuk, zehazki, euskarazko modalitatean irabazi du sari nagusia; Huts lanari esker, 300 euroko saria irabazi du. Epaimahaiaren iritziz, gainera, aurtengo bigarren saria ere berarentzako izan da; 200 euroko saria irabazi du Eskura kontakizunari esker. Eta, azkenik, hirugarren saria, saritu gabeko Debako lanik onenari ematen zaiona, Olatz Andonegi Rodriguezek eskuratu du; 150 euroko saria irabazi du Gazi-gozo lanari esker.
Bravo, berriz, gaztelerazko modalitatean gailendu da; debarrak 300 euroko saria irabazi du Adoquines Deba lanari esker. Debarrak, gainera, lehenengo sariaz gain hirugarren saria edo saritu gabeko Debako lanik onenaren saria ere eskuratu du iaz bezala; Amor de ultratumba kontakizunari esker, 150 euroko saria eskuratu du. Bigarren saria, berriz, Miguel Angel Galloren eskuetara joan da; Deba Connection izenburuko lanari esker 200 euroko saria irabazi du.
Lehiaketari buruz. Deba du gaia lehiaketak, eta haren historiarekin, paisaiarekin edota, zuzenean edo zeharka, harekin lotuta dagoen edozerekin zerikusia izan behar dute aurkezten diren lanek.