Gaurtik aurrera indarrean da Debako TAO sistema

Berriketan 2023ko mai. 1a, 12:27

Aparkaleku mugatuen sistema irailaren 30era arte egongo da indarrean. Maiatzaren 1etik 31ra asteburu eta jai egunetan soilik izango da martxan, eta ekainaren 1etik irailaren 30era, egunero.

2022ko denboraldiri buruz egindako balorazioaren ondoren, bi aldaketa nagusi aurreikusi dira 2023ko denboraldirako. Aldaketa horien artean, Artzabalgo aparkalekua (5. gunea) urte osoan doan eta denbora mugarik gabe erabili ahal izango dela jakitera eman dute. “Modu honetan, orain arte egon ez den zerbitzu bat bermatuko da”. Salbuespen bakarra autokarabanak izango direla gaineratu dute. “Autokarabanentzat gehienezko 72 orduko egonaldia mantenduko da, baita karabanak aparkatzearen debekua ere”.

Bigarren aldaketa, berriz, udatiarren txartelari buruzkoa dela zehaztu dute. Alokairuan daudenen kasuan, baldintza bezala jarri da etxeko jabearekin zein harreman duten zehaztu beharko dutela. “Harremana familiartekoa bada, lehenengo mailakoa, onartuko da; beste kasuetan kontratua aurkeztu beharko da”.

[Kontsultatu HEMEN indarrean sartu berri den sistemari buruzko informazioa eta inprimakiak]

Bertakoen txartelak. Udal iturriek jakitera eman dutenez, bertakoen txartela datozen egunotan etxean jasoko dute 2023ko urtarrilaren 1ean Deban erroldatuta zeuden, ibilgailuaren zerga ordainduta duten eta zergak egunean dituzten herritarrek.

Txartel bereziak. Lan txartela, udatiar txartela, ostatu txartela eta antzerako txartelen eskaera Udaltzaingoaren edo Harrerako udal bulegoetan egin daiteke. Eskaera orriarekin batera txartelaren ordainagiria ere aurkeztu beharko da. Zehaztu dutenez, txartela bulegoan bertan edo info@deba.eus posta elektronikora idatzita aurkez daiteke.

OHARRA: Indarrean dagoen TAO sistemari buruzko informazio guztia Debako Udalaren webgunean jarri dute ikusgai.