Euskara elkarteko ordezkariek jakitera eman dutenez, Sasoiko parean ipiniko dute salmenta postua. “Larunbatean (maiatzak 20), 11:30etik 15:15era, postu parean, Foruen Plazan, Aldats pilotalekuan eta inguruetan ibiliko dira boluntarioak txartelak saltzen”. Txartelak euro baten truke eskuratu ahal izango dira eta nahi duenak, gainera, elkarteko bazkide egiteko aukera ere edukiko du. “Jarriko dugun postuan bertan eskuragarri izango ditugu izen-emate orriak”.
Saridunak honako produktuez osatutako saskia irabazteko aukera izango du: sei nekora, hemezortzina otarrainxka eta ganboi, 300 gramo ganba, 450 gramo karrakela eta lanperna, buia bat eta bi txangurro, “guztiak ere egosita etorriko dira”. Produktu horiez gain, botila bat ardo zuri ere jasoko du opari irabazleak.
Orain arte egin bezala, egunean bertan iragarriko dute irabazlea; zehazki, 15:30ean egingo dute zozketa, Zuhatzaren postuan. “Zenbaki sariduna eta ordezkoa zeintzuk diren ezagutzera emateko kartelak itsatsiko ditugu herrian. Bertan telefono zenbaki bat agertuko da, eta irabazleak edo ordezkoak hara deitu edo idatzi beharko du. Bertan emango dizkiogu beharrezko jarraibide guztiak”. Gogorarazi dute 24 orduko epean jaso beharko dela saria. “Irabazlea epe horretan agertuko ez balitz, ordezko zenbakiaren jabeari emango zaio saria”.
Boluntario bila. Antolatzaileek jakinarazi dute boluntarioak behar dituztela postuan laguntzeko. Zozketako txartelak saltzeko bi txanda antolatu dituzte, eta txanda bakoitzerako bizpahiru laguneko taldeak beharko direla aurreratu dute. “11:30etik 13:30erako lehen txandan bi lagun beharko ditugu, eta 13:30etik 15:15erako txandan, berriz, beste hiru”. Laguntzeko prest daudenei 688 840 308 telefono zenbakira deitzeko edo idazteko eskatu dute.