Harrera beroa egin zaio aurtengoan ere guraso talde baten ekimenez egingo den paella txapelketari. Antolatzaileek aipatu dutenez, dagoeneko 101 gaztek eman dute lehiaketan parte hartzeko izena eta guztiek ere sukaldean duten trebezia erakutsi beharko dute maiatzaren 27ko goiz partean.
Bi mailatan jokatuko da txapelketa: A kategorian LHko 4. eta 5. mailako ikasleak lehiatuko dira eta B kategorian, berriz, LH 6 eta DBH 1. eta 2. mailako gaztetxoak ariko dira norgehiagokan; taldeka parte hartuko dute guztiek (gutxienez bi eta gehienez ere bost lagunek osatutako taldeetan). Antolakuntzak partaideen eskura jarriko ditu paella prestatzeko beharrezko osagaiak, baina parte hartzaileek eraman beharko dituzte sukaldean aritzeko beharrezko izango dituzten tresnak, hala nola sua, lapikoak edota ur botilak.
Guraso talde boluntario batek hartu du bere gain lehiaketa antolatzeko ardura, baina Debako Udalaren babesa eta herriko hainbat saltokiren laguntza ere badu ekimenak.