Euskal taldea ordezkatzen aritu ziren Aitzol Arakistain pilotu debarra eta Andoni Gutierrez abadiñarra, eta emaitzarik azpimarragarriena Araskitainek lortu zuen. “Ezustekoa emanda”, parte hartu zuen bi modalitateetan podiumean sartzea lortu zuen. Zehazki, hirugarren postua bereganatu zuen GP1 mailako Offshore eta Rallyjet modalitateetan.
Arakistain pozik agertu da eta aitortu du ez zuela espero hain emaitza onak lortzea. Bi arrazoi nagusi aipatu ditu debarrak: batetik, aurkarien maila, eta, bestetik, itsasoaren egoera. “Nahiko bare zegoen eta, egia esan, emaitza hobeak lortzen ditut itsaso txarrarekin”.
Lehiakideen maila kontuan hartuta, gainera, hirugarren postua lortzea “izugarria” izan dela azpimarratu du. “Frantziako pilotuak eta taldeak, batez ere, oso maila altuan ari dira lehiatzen. Orain gutxi arte nahiko urruti ibiltzen ginen gu sailkapenetan, baina orain beraiekin batera lehenengo postuen alde borrokatzen ari gara”. Gaineratu du “aho zapore onarekin” eta aurreikusita dituen hurrengo probak prestatzen hasteko “gogo handiarekin” itzuli dela Korsikatik.
140 pilotu baino gehiago. Frantziako Powerboat Txapelketa-ren baitako Corsica Cup proba Mediterraneoan lehiatzen den txapelketa nagusietako bat izatera iritsi da urte gutxian. Hain zuzen ere, ezinbesteko proba bihurtu da munduko onenentzat; aurten, esaterako, mundu osotik etorritako 140 pilotu baino gehiagoren parte-hartzea izan du.