Zabalik dago VII. Debabarrena Raiderako izen-ematea

Berriketan 2023ko eka. 5a, 11:03

Azken bi urteetan Deban egin eta gero, Elgoibarren egingo dute Morkaiko Raid Taldeak antolatutako orientazio proba.

Ekainaren 17an burutuko da Debabarrenako Orientazio Raidaren zazpigarren ekitaldia, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, aurten ere bi modalitatetan parte hartzeko aukera izango da. Alde batetik, Abentura bezala ezagutzen den proba egingo dute eta, bestetik, Familia raida.

Abentura raida nahitaez bikoteka burutu beharko da eta zazpi orduko iraupena izango du. Aurten ere, lau atal izango ditu: mendi bizikletarekin egin beharreko bi eta oinez egin beharreko beste bi. Ohikoa den moduan, parte hartzaileek proba bereziak osatu beharko dituzte. Horiez gain, ezusteko “polit” batzuk ere prestatu dituztela iragarri dute antolatzaileek.

Familiei zuzenduriko raida, aldiz, bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko da (horietatik bat, gutxienez, adinez nagusia izan beharko da) eta berau burutzeko emango den denbora bi ordu eta erdikoa izango da. Parte hartzaileek, besteak beste, slackline eta orientazio jokoak moduko proba bereziak osatu beharko dituzte bidean.

Izen ematea. Familia raidean parte hartu nahi dutenek honako estekan izena eman dezakete. Abentura raidean izena emateko azken eguna, aldiz, ekainaren 15a da. Parte hartu nahi duten bikoteek 23:55 aurretik izen eman beharko dute honako estekan. Bikoterik ez dutenek ere badute parte hartzeko aukera. Interesa dutenek debabarrenaraid@gmail.com posta elektronikora idatzi dezakete honako datuak zehaztuta: proban zenbat aldiz parte hartu duten, zein kategoriatan eta zenbatgarren postuan sailkatu ziren eta zein maila fisikotan dauden.