Surfaren bueltan herritar guztiei zuzendutako jaialdi bat antolatu dute estreinakoz herriko surf eragileek: Debadaba Festa. Ekainaren 16an eta 17an, hamahiru jardueraz osatutako egitarauaz gozatzeko aukera izango da. Surfaren munduan diharduten Zurrunbilo Elkartea, Yako surf eskola eta Ipar Surf & Skate eskola dira jaialdiaren bultzatzaile nagusiak eta, azpimarratu dutenez, surfa eta kirol ezagun horren inguruko kultura herritarrei gerturatzea da helburu nagusia. “Jaiaren zutabe nagusia herritik eta herritarrentzako ekimen bat prestatzea izan da. Jai giro alaia eta dibertigarria sortzeko asmoarekin, herritar guztientzako festa bat antolatzea izan da gure asmoa”.
Sustatzaileek ohartarazi dute herriko “surf komunitatetik haragoko herritarrak eta zaleak” batuko dituen jaia izango dela. “Hainbat urtez, Zurrunbilo Eguna ospatu izan dugu, baina jai hori publiko zehatz bati zuzenduta dago; hau da, elkarteko bazkideei eta Debako surf komunitateko kide zehatz batzuei zuzendutako eguna izan ohi da. Debadaba Festan, ordea, herritar guztientzako programa bat prestatu nahi izan dugu”. Nolanahi ere, nabarmendu dute Debadabak ez duela Zurrunbilo Eguna ordezkatuko, “ikuspegi eta helburu desberdinak dituzten bi ekintza baitira”.
Herrian surfaren inguruan aurrez antolatu izan diren ospakizunen eta txapelketen antzeko osagai batzuk ere izango ditu Debadabak, baina, oro har, argitu dute ez dela gauza bera izango. “FederArte jaialdi ezagunarekin alderatuta, esaterako, hainbat berrikuntza txertatu nahi izan ditugu oraingoan”. Egun bakar batean egin ordez, ekaineko festak bi eguneko programazioa izango du eta erabaki horren atzean dagoen arrazoi nagusia zein den ere azaldu dute: “Publiko zabalari zuzendutako jarduera asko antolatu nahi izan ditugu eta, hortaz, egitaraua bi egunetan banatzea erabaki dugu”.
Prestatu dituzten jarduera guztiak “bereziak” izango diren arren, antolatzaileek aparteko garrantzia eman nahi izan diote ekainaren 17an egingo den Emakumeen*surf hastapen ikastaroari
Surfarekin lotura duten diziplinak ez ezik, bestelako osagai batzuk ere presente izango dira festan: “Beste kirol batzuk, ekintza kulturalak, merkatua… eta jai giroa sortzen laguntzeko jarduerek osatzen dute egitaraua”. Besteak beste, jolasak, Capoeira eta Arbaso Training saioak egingo dira hondartzan, skate Miramar Hotelean, Exeri saioa zumardian eta Filipe Court-en kontzertua izango da Kultur Elkartean. Halaber, Gazteen Surf Txapelketa, artisau azoka, emakumeentzako* surf hastapen ikastaroa, padel lasterketa herrikoia, karropoteoa eta DJ festa ere izango dira aukeran.
Prestatu dituzten jarduera guztiak “bereziak” izango diren arren, antolatzaileek aparteko garrantzia eman nahi izan diote ekainaren 17an egingo den Emakumeen* surf hastapen ikastaroari. Aldi berean, iragarri dute beharrezko materiala eskura izango dutela ikastaroan parte hartzen dutenek. “Oholak eta neoprenoak eskura izango dituzte. Beraz, gogotsu badaude, ez dezatela zalantzarik izan eta animatu daitezela saioan izena eman eta parte hartzera”.
Ekainaren 16rako aurreikusitako saio edo jardunaldi irekiei ere aipamen berezia egin nahi izan diete. “Deban egin daitezkeen kirol diziplina ezberdinak probatzeko doako saioak egingo dira, adin tarte guztiei zuzenduta”. Saio horietan, adibidez, Capoeira, ariketen bidez gorputz osoko mugikortasuna lantzeko 50 urtetik gorakoei zuzendutako Exeri saioak eta gizakiaren mugimendu naturaletan oinarrituriko Arbaso Training entrenamendu funtzionalak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek. Ekainaren 17rako antolatu duten padel lasterketa ere “berezia” izango dela iragarri dute, eta parte hartzaileei mozorrotzeko deia egin diete.
Prestaketa lanak errazte aldera, Debadabak bere baitan hartuko dituen jarduera batzuetan parte hartu ahal izateko izena aurrez ematea komeni da, nahiz eta egun berean ere emango duten horretarako aukera. “Maiatzaren 22an zabaldu genuen izen-ematea eta Yako surf dendan eta gure sare sozialetan ere horretarako bidea eskaintzen dugu. Instagramen, esate baterako, festari buruzko informazioa zabaltzeko kontu bat zabaldu dugu (@debadabafesta). Bertan, tarteka, jaiaren nondik norakoak azaldu eta informazio baliagarria joango gara zabaltzen”.
“Herriko talde eta eragile ezberdinak elkartu eta haiek gauzatzen dituzten ekintzak planteatzeari garrantzia ematea interesgarria eta beharrezkoa iruditu zaigu”
Festa giroa herri osora zabaltzeko helburuari helduta, ekintza guztiak hondartza eta inguruan egin ordez, bestelako espazioetan ere burutuko dituztela iragarri dute arduradunek. “Jaialdia herriko gune ezberdinetan egitea eta horretarako leku ezberdinak erabiltzea ere garrantzitsua dela uste dugu, ekimenaren presentzia handitu eta zabaltzeko”. Kultur Elkartean, zumardian, herriko kaleetan eta ibaian egingo dira, besteak beste, jarduerak. Eguraldi txarra egingo balu, ordea, Aldats pilotalekuan, Luzaro eskolako jolastokian edo pasealeku estalian izango dira hitzorduak.
Jaialdiaren beste helburuetako bat herriko eragile ezberdinen parte hartzea sustatzea da. Hori dela eta, programazioan proposatu dituzten ekintza guztiak antolatzeko orduan beste hainbat eragile eta norbanakorekin jarri dira harremanetan. “Gure asmoa jaialdi polit eta herrikoia sortzea izan da, betiere elkarlanean. Herriko talde eta eragile ezberdinak elkartu eta haiek gauzatzen dituzten ekintzak planteatzeari garrantzia ematea interesgarria eta beharrezkoa iruditu zaigu”.
Zehaztu dutenez, honako eragileek ere parte hartuko dute festan: Debako Udalak, Luzaro ikastetxeak, Gaztelekuak, Kultur Elkarteak, Gaztetxeak, Arbaso Training-ek, Ikigai zentroak, Grupo Senzala Capoeirak eta Ondargain eta Itxas Gain tabernek. Aipatutako talde eta eragileez gain, herriko beste hainbat norbanakoren laguntza ere izan dutela gaineratu dute.
Gustura elkarlanarekin. Antolakuntzan lanetan ari direnak gustura daude aspaldidanik mantentzen duten elkarlanarekin eta bat datoz euren arteko harremana “ezin hobea” eta “gero eta indartsuagoa” dela nabarmentzerakoan. “Zurrunbilo Eguna antolatzeko orduan, besteak beste, Yako eta Iparren laguntza izan ohi dugu; hor daude beti, laguntzeko prest. Eta, ondorioz, denon artean eramaten dugu aurrera eguna. Jaialdia, gainera, gero eta arrakastatsuagoa bihurtzen ari da azkenaldian, eta eboluzio horretan, zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da Yakoren eta Iparren laguntza”, azpimarratu dute Zurrunbiloko kideek.
Ildo beretik, elkarlanaren fruitu da, hain zuzen, ekainaren hirugarren astebururako prestatutako jaialdi berria ere. Antolatzaileek festarekin bat egiteko deia egin diete herritarrei.
EGITARAUA
- Ekainak 16, ostirala
- 14:00-16:00. Jolasak hondartzan, Luzaro eta Gaztelekuaren eskutik.
- 16:30-17:30. Capoeira hondartzan, HH5 eta LH3 adin tarteko haurrentzat. (***)
- 16:30-17:30. Arbaso Training hondartzan, LH4 eta DBH4 adin tarteko gaztetxoentzat. (***)
- 18:00. Skate, Miramar Hotela zegoen eremuan. (***)
- 18:30-19:30. 50 urtetik gorakoentzat, ariketen bidez gorpuz osoaren mugikortasuna lantzeko Exeri saioa, Kalbeton zumardian. (***)
- 22:00. Filipe Court-en kontzertu akustikoa, Kultur Elkartean.
- OHARRA. Eguraldi txarra eginez gero, Capoeira, Arbaso Training, skate eta Exeri tailerrak Aldats pilotalekuan edota Luzaro ikastetxean egingo dira.
- Ekainak 17, larunbata
- 09:00-13:00. Surf txapelketa, 10-16 urte bitarteko gaztetxoentzat. (***)
- 10:00-15:00. Artisauen merkatua, hondartzako pasealekuan (eguraldi txarra eginez gero, estalitako pasealekuan egingo da).
- 11:00-13:00. Emakumeentzako* surf hastapena ikastaroa. (***)
- Ondoren. Txapelketan zein surf ikastaroan parte hartu dutenentzat hamaiketakoa, Itxas Gain tabernan.
- 17:30. Padel lasterketa herrikoia. SUPak bertan egongo dira eskuragarri, eta antolatzaileek mozorrotuta etortzea eskatu dute.
- 20:00. Karropoteoa, Itxas Gain tabernatik hasita.
- 23:30. Txato eta Flakorekin DJ festa, Ondargain tabernan.
***OHARRA. Maiatzaren 22az geroztik, zabalik dago (***) duten ekintzetan parte hartzeko izen ematea. Jaialdiaren sare sozialetan eta Yako dendan ere eskaintzen dute horretarako aukera. Dena den, egunean bertan ere eman ahalko da izena.