Orain urtebete inguru ere Deban izan zen Luca Ricci, Korrika Kulturalaren programazioaren baitan antolatutako solasaldian. Eta, saioak izan zuen harrera beroa ikusita, bigarren urtez ariko da italiar-euskalduna gurean. Hitzordua jarrita dago Lagun Artea Elkartean, ostegunean, ekainaren 8an; 18:30ean emango zaio hasiera sukaldaritza italiarra eta euskarazko mintzapraktika uztartuko dituen tailerrari.
Erromako alde zaharrean jaioa, Riccik harreman estua izan du Euskal Herriarekin azken urteotan. Hemengo hizkuntza eta kulturaz maitemindu zen, hainbat aldiz etorri zen bisitan eta Bilbo hartu zuen bizileku urtebetez. Bertan ikasi zuen euskaraz hitz egiten, bere kabuz, eta hizkuntza praktikatzen jarraitzen du oraindik ere, Erroman bizi den arren. Izan ere, Erroman euskaraz proiektua sortu eta gida turistiko lanetan dihardu gaur egun, euskaldunei bere hiria beste era batera ezagutzeko aukera emanez.
Egunotan Erromatik zuzenean etorriko da Ricci Debara. Italiako produktuak eta osagaiak baliatuta, pasta Carbonara erara modu egoki eta tradizionalean nola prestatzen den irakatsiko die Lagun Artean bilduko diren partaideei. Eta, bide batez, Ricciren esperientzia eta bizipenak ezagutzeko aukera ere izango dute tailerrera bertaratzen direnek, euskaraz betiere.
Tailerra Zuhatza Euskara Elkarteak antolatu du eta doan izango da. Nolanahi ere, edukiera mugatua izango da eta, hortaz, aurrez eman behar da izena (688 84 03 08 telefono zenbakira mezua idatzita). Antolatzaileek azaldu dute oraindik ere badagoela izena emateko aukera.