KOLABORAZIOA

Oihana Irustaren kolaborazioa: ‘Ikasleak eta medikuak’

Berriketan 2023ko eka. 12a, 09:41

(Thirdman/Pexels)

Hona hemen Oihana Irusta herritarrak maiatzeko Berriketan herri aldizkarian argitaratutako kolaborazioa.

Zergatik izenburuan ikasle eta ez paziente? Sokatira moduko bat dagoelako batxilergoaren eta anbulatorioen artean. Batxilergoan ikasleen falten justifikazioa medikuen bitartez egiteko eskatu izan dute, orain zorionez hori aldatzen ari den arren (nire iritziz, gurasoak baikara nerabeen erantzule eta arduradun). Tamalez, oraindik ez da beti hala izaten eta oraindik ere medikuen ziurtagiria eskatu ohi da batxilergoan (azterketaren bat dagoenean, adibidez). Horrek tentsioa sortzen du mediku eta ikasle edo gurasoen artean.

Baina… mediku eta pazientearen arteko harremana nolakoa izan beharko litzatekeen aztertuz gero, ados egongo gara konfiantzazkoa eta gertukoa izatea garrantzitsua dela esatean. Pazienteak kontsulta bere gaitzez, sintomaz, egonezinez… hitz egiteko gune lasai bat bezala sentituz gero, medikuak bisitaren arrazoiari buruzko detaile gehiago izan ahalko lituzke eta, ondorioz, egoera hobeto ulertu eta tratamendu egokiagoa jarri ahalko lioke pazienteari.

Kontsulta barruko hartu-emana are garrantzitsuagoa izan daiteke nerabeek beren kabuz egiten dituzten lehen bisitetan. Garaia zaila da berez (batzuentzat besteentzat baino gehiago) eta ezezagun bati bere gaitzak edo sintomak kontatu beharra ere zaila izan daiteke.

“Ping-pong pilota izatea ez da inoiz gozoa izan, baina are gutxiago tentsio horren ondorioz gaixo dagoen gazte bati kontsultan bere medikuaren partetik harrera txar bat jasotzea tokatzen baldin bazaio”

Kontua da sendagileak nekatuta daudela ikasleak justifikatzeaz, esku artean badituztelako garrantzitsuagoak diren beste artatze edota tramite batzuk, ziurrenik. Eta, noski, horrek ere tentsioa sortzen du irakasle -“guraso-ikasle”- medikuen artean. Kakotx artean nahita jarri ditut guraso eta ikasleak, hauek hizki larriz idatzi ditudan IRAKASLE eta MEDIKUen artean baitaude, ezinbestean.

Ping-pong pilota izatea ez da inoiz goxoa izan, baina are gutxiago tentsio horren ondorioz gaixo dagoen gazte bati kontsultan bere medikuaren partetik harrera txar bat jasotzea tokatzen baldin bazaio. Norbera ondoezik egonik, gau txar baten ondoren, azterketa galdu eta irakasleek beste azterketa bat egingo ote dioten jakin gabe arduratuta, medikuarengana iritsi orduko, atetik sartu aurretik “beraiek ez daudela horretarako” eta “ea zergatik ez dagoen eskolara joateko bezala”, edo “nire alaba gaixo egon zenean errekuperazioetara joan zen” bezalako esaldiak aurpegiratu zizkion.

Guztiz onartezina da, biak publikoak izanik, Osakidetzaren eta Hezkuntzaren arteko sokatiraren ondorioz nerabe batek bere medikuaren tratu hori jasan behar izatea. Nire galdera zera da: halako tratu bat jaso ondoren, nola bueltatu daiteke (nerabe zein heldua) kontsultara norbere kezkez lasai hitz egitera? Zer gertatuko litzateke nerabe horrek berak aurrerago antsietatea/depresioa/anginak/dermatitisa… pairatuko balitu? Bere medikuarekin kontatu ahal izango luke gaitz horiek gainditu eta sendatzeko?

Munduko Osasun Erakundearen arabera, “osasuna erabateko ongizate fisiko, mental eta sozialeko egoera da, eta ez soilik afekziorik edo gaixotasunik eza”.